Mundua -
Ameriketako goi bilera
Maduro ere bildu da Obamarekin, eta esan du ez direla AEBren etsai
Venezuelako presidenteak adierazi duenez, bileran egia esan diote elkarri "modu maitekorrean". Maduroren ustean, Panamakoa "Egiaren Goi Bilera" izan da.
Agentziak | Erredakzioa
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak baieztatu egin du, Telesur telebista katean, Barack Obama AEBko presidentearekin bildu dela Panamako Goi Bileran eta balitekeela "elkarrizketa prozesua abiatzea" horrezkero.
Madurok gaineratu duenez, Obamarekin izan duen bilera ustekabekoa izan da, baina "serioa" eta "zintzoa". Hamar minutu inguruko batzarra egin dute, itzultzaileen laguntzarekin, eta egia esan omen diote elkarri, "modu maitakorrean".
"Esan diot ez garela AEBn etsai, iraultzaileak baizik, bihotz berokoak, eta bakea eraiki nahi dugula", zehaztu du.
Madurok ez du, alabaina, elkarrizketaren edukiaz gehiago esan. Baina, aipatu duenaren arabera, baliteke "AEBrekin elkarrizketa prozesua eta errespetuan oinarritutako harremana abiaraztea datozen egunotan".
Maduroren esanetan, Panamakoa "Egiaren Goi Bilera" izan da, eta bat egiten jarraitzeko dituzten arrazoiak askatasunez adierazi dira.
Era berean, esan du Venezuelak Latinoamerikaren erabateko babesa jaso duela, Estatu Batuek ezarritako zigorren gaitzespenean. Esterako, Venezuela "mehatxu" zela adierazi zuen AEBk.
Ikusmin handia sortu duen irudietako bat, Panamako Goi Bileran. EFE
Correaren eta Moralesen kritikak
Bestalde, Ekuadorrek eta Boliviak hainbat akusazio egin dizkiote AEBri, eta Venezuelari ezarritako zigorrak gaitzetsi dituzte.
Nazioarteko zuzenbidea urratzea leporatu dio Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak Obamari. Halaber, Correak ohartarazi duenez, Latinoamerikak "ez du inoiz gehiago babesik eta esku-sartzerik onartuko".
Evo Morales Boliviako presidenteak, berriz, "mehatxuak, xantaiak, terrore-politikak eta mota guztietako baldintzak bertan behera uzteko" eskatu dio AEBko presidenteari. "Latinoamerika behin betiko aldatu da, eskualde otzan eta menderatua izateari utzi diogu", azpimarratu du.