Mundua -
Yarmuk herrian, Sirian
30 hildakotik gora, palestinarren eta jihadisten arteko borrokaldietan
Ehunka errefuxiatuk Yarmukeko kanpalekutik ihes egin dute, Estatu Islamikoaren eta Aknaf Beit al Maqdis miliziaren arteko liskar bortitzak bertan izan direlako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ehunka errefuxiatuk Yarmukeko kanpalekutik ihes egitea lortu dute azken bi egunotan, Sirian, Estatu Islamikoaren eta Aknaf Beit al Maqdis miliziaren arteko liskar bortitzak izan ostean, Giza Eskubideetarako Siriako Behatokiak adierazi duenez. Borrokaldi horietan gutxienez 33 lagun hil dira.
"Yarmukeko kanpalekutik ihes egin dute ehunka zibilek, eta Yelda, Beibla eta Bait Sahem herrietara heldu dira, azken bi egunetan Yarmuken liskar bortitzak izan baitira", zabaldu du Behatokiak bere webgunearen bitartez. Hildakoei dagokionez, Behatokiak 26 zenbatu ditu, hainbat zibil tarte, eta Estatu Islamikoak hildako beste zazpi gehitu beharko genituzke.
Behatokiak Londresen du egoitza, eta erakunde independentea da, baina informatzaile-sare handia du Sirian.
Bestalde, Behatokiak azaldu duenez, itzalaldia jazo da Damaskon, Siriako hiriburuan, milizianoen erasoen ondorioz, Tishrin eta Al Nasiriya zentral elektrikoak gas-hornidura barik geratu direlako.
Gerraren hasieran, 500.000 lagun inguru bizi ziren Yarmuken, 1948ko Israelgo gerraren ondorioz etxetik ihes egindako errefuxiatu palestinarrak ziren gehienak. Gatazka horretan, Yarmukek bonbardaketak bizi ditu, milizien errepresioa, Armadako setioa eta orain, berriz, indar jihadisten inbasioa.