Mundua -

Gerra Zibila

Yemenen su-etena berehala abiatzea eskatu du Gurutze Gorriak

Saudi Arabiak gidatzen duen nazioarteko koalizioa laguntza humanitarioa herritarrei heltzea oztopatzen ari da, salatu du Gurutze Gorriak.

Saleh presidentearen jarraitzaileak, manifestazioan, Sanan. Irudia: EFE
Saleh presidentearen jarraitzaileak, manifestazioan, Sanan. Irudia: EFE
Saleh presidentearen jarraitzaileak, manifestazioan, Sanan. Irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak 24 orduko gizaldeko su-etena Yemenen berehala abiaraztea eskatu du, herritarren egoera "larria" arintzeko, herrialdean piztutako gerra zibila dela eta.

Gurutze Gorriak salatu duenez, Saudi Arabiak gidatzen duen nazioarteko koalizioa laguntza humanitarioa herritarrei heltzea oztopatzen ari da, duela zenbait egun.

Izan ere, 30 tona baino gehiago (gizaldeko laguntzan eta ura edateko aproposa egiteko tresnatan) daramatzaten bi hegazkin eta itsasontzi bat prest daude asteartetik, nazioarteko koalizioaren baimena noiz jasoko, Yemengo aireko espazioa eta portuak kontrolpean baititu.

Gutxienez 185 pertsona hil eta beste 1.285 zauritu dira aurreko martxoaren 26tik gaur arte, hutien eta Abdo Rabu Mansur Hadi Yemengo presidentearen aldeko taldeen arteko liskar armatuak hasi zenetik, Aden hirian.

Al Jader Lasuar bertoko Osasun saileko zuzendariak Eferi azaldu dionez, hutien artean hildako gehiago dago eta haien senideek Adeneko kanpoaldera eraman dituzten, beraz ezin dira denak zenbatu.

Gainera, baieztatu egin du hiriko ospitaleak jendez gainezka daudela, eta zaurituetako batzuk zoruetan bertan artatzen dira, ohe premiagatik.

Halaber, salatu duenaren arabera, Adenen soilik daude 10 anbulantzia erabilgarri zaurituak osasun etxeetara eramateko, eta gainera ez daude horren moduko egoetan erabiltzeko egokituak.

Arabiar Ligaren lehen bonbardaketa

Arabiako koalizioak (Arabiar Ligak gidatzen du) Sanako erdiguneko zenbait auzo bonbardatu ditu, baita hutien txii mugimenduko zenbait egoitza ere, Yemengo hiriburuan egindako lehen erasoaldian.

Efek entzun duenez, hiru leherketa izan dira eta bonbardaketako bat talde politikoaren egoitzaren kontra zuzendu dute.

Oraindik ez dute zehaztu erasoon biktima kopurua, baina hainbat etxe kaltetu dituzte, herritarrak barruan zeudela.

Larrialdiko bilera, NBEn

NBEren Segurtasun Kontseilua larrialdizko bilera egiten ari da, arabiarren koalizioak gizaldeko laguntza helarazteko etenaldiak egin ditzan, bonbardaketen artean.

Bilera 15:00etan hasi da (17:00etan Euskal Herrian), ateak itxita, Nazio Batuen Erakundeko bozeramale batek zabaldu duenez.

Errusiako ordezkariak eskatu zuen bilera egitea, arabiar herrialdeen arteko koalizioaren bonbardaketetan gizaldeko laguntza helarazteko etenaldiak egon daitezen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gurutze Gorria bideoak