Mundua -
Atentatua
Onik aurkitu dituzte desagertuta zeuden bi turista espainiarrak
Dirudienez, ezkutatuta zeuden oraindik. Bardoko Museoan atzo izandako atentatuan hil ziren 17 turisten gorpuak identifikatzeko lanetan jarraituko dute gaur Tunisiako erakundeek.
Erredakzioa
Bardoko Museoan atzo izandako atentatuan hil ziren turisten gorpuak identifikatzeko lanetan jarraituko dute gaur Tunisiako erakundeek. Gaur goizean, hildako baten berri eman du bertako Gobernuak eta, hortaz, 23 dira atzoko atentatuan hil ziren pertsonak. Horrez gain, beste 47 zauritu zirela eman du jakitera Tusiniako Gobernuak.
Hildakoen artean, bi kataluniar daudela jakinarazi zuten atzo Espainiako Gobernuak. Horrez gain, bidaiari-ontzira bueltatu ez diren 13 lagunen bila ari dira, eta, hamahiru horien artean, espainiar nazionalitatea duten bi pertsona zeuden, baina "bizirik eta onik" aurkitu dituzte.
Bidaiari-ontzietako enpresak aditzera eman duenez, desagertutako turista horiek Bardoko Museoan zeuden oraindik. Bidaiari-ontzi biak dagoeneko Tunisiatik atera dira. Bartzelonatik ostiralean abiatu zen ontzia 27 bidaiari gutxiagorekin iritsiko da bihar Kataluniako hiriburura.
Bestalde, atentatuan hil ziren bi kataluniarrei autopsia egin diete dagoeneko. Hala ere, ez dute uste gaur bertan espainiaratuko dituztenik, tramiteak direla eta. Hildako horien senideak Tunisian dira dagoeneko, gorpuak identifikatzeko.
Museoa datorren astean
Latifa Lajdar Kultura ministro tunisiarrak iragarri du Bardoko Arkeologia Museo Nazionala datorren astean irekiko dutela berriro, eta Munduko Foro Sozialaren jarduerak hartuko dituela.
20 pertsona hil ziren
Zenbait lekukok EFE agentziari azaldutakoaren arabera, erasotzaileak meskita batetik atera ziren eta turistak zeramatzan autobus baten kontra tiro egin zuten. Tiroketa horretan zortzi lagun hil ziren. Ondoren, zenbait pertsona bahitu eta Parlamentua eta Museo batzen diren aldeko gela batean babestu ziren.
Poliziak 22 urteko erasotzaile bat atxilotu zuen. Gainerakoak hil egin zituzten, bahituak askatu aurretik. Tiroketan, beste 15 lagun hil ziren.
Bi kataluniar hil dira
Bi kataluniar dira hildako 18 turista atzerritarretako batzuk: Antoni Cirera Perez eta Dolores Sanchez Rami. Gainera, nazionalitate espainiarreko beste hainbat lagun bahituta egon dira erasoak iraun duen sei orduetan.
Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri ministroak esan du 90 espainiar inguru zeudela erasoa gertatu den unean Tunisian. Espainiako Atzerri Ministerioak jakitera eman duenez, espainiar nazionaliteko beste bi lagunen bila ari dira, haien arrastorik ez dutelako. Ez dira ontzira itzuli.
2002an 20 turista hil zituztenetik, atzerritarrek jasan duten eraso gogorrena da gaurkoa, eta nahastu egingo du herrialdearen egoera, Udaberri Arabiarra deritzon prozesutik ondoen atera zen herrialdearen egoera hain zuzen ere.
Tarragonar bat "justu-justu" libratu da
Josep Lluis Cusido (PSC) Vallmolleko (Tarragona) alkatea eta bere emaztea Bardo Museoan zeuden erasoa gertatu denean, eta "justu-justu" lortu omen dute bizirik irtetea.
"Gizon batzuk sartu eta tiroka hasi dira: justu-justu gaude bizirik", adierazi du Cusidok telefonoz.
"Gizon horiek bat-batean hasi dira tiroka, eta hildakoak erortzen ziren; lur jota gaude", azaldu du alkate kataluniarrak.
"Errukirik gabe, terrorismoaren aurka"
Terrorismoaren aurka "errukirik gabe" arituko dela azpimarratu du Tunisiako presidente Beyi Caid Essebsik, adierazpen ofizial batean.
"Gutxiengo direnen talde horiekin amaitu arte, terrorismoaren aurkako borrokan jarraituko dugu", adierazi du. Biktimen senideei elkartasuna adierazi die Tunisiako presidienteak, eta segurtasun indarrek egindako lana goraipatu du. "Tragedia hau berriz gerta ez dadin lan eging dugu", amaitu du.