Mundua -

Gatazka

Obamak larrialdi egoera ezarri du Venezuelaren mehatxuagatik

Gainera, isunak jarri dizkie Caracaseko Gobernuko goi kargudun eta goi kargudun ohi batzuei.

Barack Obama AEBetako presidentea Argazkia: Efe
Barack Obama AEBetako presidentea
Barack Obama AEBetako presidentea Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBetako presidenteak Venezuelako goi kargudunen kontra onartu berri dituzten isunak indarrean jartzeko agindu du, eta "larrialdi nazional" egoera ezarri du, Venezuelan bizi duten egoera AEBrentzat "arriskutsua" delakoan.

Dekretu baten bitartez, Obamak abenduan onartutako lege batean agertzen diren venezuelar batzuen kontrako isunak "ezarri eta handitu" ditu, Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak azaldu duenez.

"Venezuelako Gobernuak Giza Eskubideen bermea urratzen duela, aurkari politikoak jazartzen dituela (...) egiaztatzen dut, eta hori AEBren segurtasun nazionalarentzat eta atzerri politikarentzat ohiz kanpoko eta aparteko mehatxua dira; horregatik, larrialdi nazionala ezartzen dut, mehatxuari aurre egiteko", adierazi du Obamak aginduan.

Erabakia justifikatzeko, AEBko presidenteak arrazoi hauek eman ditu: "Adierazpen askatasunaren murrizketa, indarkeriaren erabilera, Giza Eskubideen urraketa eta gobernuaren kontrako protestei erantzuteko egindako gehiegikeriak; manifestarien atxiloketa, eta ustelkeria publikoaren gorakada nabarmena".

"Larrialdi nazionala" AEBko presidenteak duen tresna bat da, egoera jakin batean herrialde bati isunak jartzeko eta Kongresuak onartutakotik harago joateko.

Dekretu horren bitartez, Obamak isunak iragarri ditu Venezuelako zazpi goi kargudun eta goi kargudun ohiren kontra, eta AEBn izan ditzaketen ondasun guztiak izoztu dizkiete eta AEBn sartzea debekatu diete.

Isuna jasoko dutenen artean daude Gustavo Enrique Gonzalez Lopez Inteligentzia Nazionaleko Zerbitzu Bolivartarreko (SEBIN) zuzendari nagusia, eta Jose Benavides Torres Guardia Nazional Bolivartarraren Operazio (GNB) zuzendari ohia.

Horiekin batera zigortu dituzte Justo Jose Noguera Pietri GNBko komandante ohia, Katherine Natarith Haringhton Ministerio Publikoko Bulegoko fiskal nazionala, Manuel Eduardo Perez Urdaneta Polizia Nazionalaren zuzendaria, Manuel Gregorio Bernal Martinez SEBINen zuzendari nagusi ohia, eta Miguel Alcides Vivas Landino Indar Armatu Bolivartarreko (FANB) Inspektore Nagusia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barack Obama albisteak