Mundua -

Danimarka

Konpenhageko tiroketaren nondik norakoak ikertzen dabil Polizia

Danimarkako lehen ministroak adierazi duenez, "zenbait indarrek gaiztakeriak egin nahi dituzte hainbat herrialdetan, tartean gurean. Gure adierazpen askatasuna mendean hartu nahi dute".

Helle Thorning-Schmidt Danimarkako lehen ministroa. Argazkia: EFE
Helle Thorning-Schmidt Danimarkako lehen ministroa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Helle Thorning-Schmidt Danimarkako lehen ministroak azaldu duenez, agintariek oraindik ez dakite zer dela eta egin zituen erasotzaileak bi tiroketak. Gizonezkoa goizaldean hil dute, bi tiroketetetan bi lagun hil eta beste bost zauritu ostean.

"Oraindik ez dakigu zer dela eta izan den erasoa, baina badakigu zenbait indarrek gaiztakeriak egin nahi dituztela hainbat herrialdetan; eta tartean gurean ere bai. Gure adierazpen-askatasuna mendean hartu nahi dute", esan du Thorning-Schmidtek komunikabideen aurreko prentsaurrekoan. Halaber, Islamaren eta Mendebaldearen arteko gerra izatea errefusatu du.

Agintari daniarrek momentuz ez dute ustezko terroristaren gaineko xehetasunik eman. Atzo, ordea, segurtasun-kamera batzuek grabatutako irudiak zabaldu zituzten. Horren arabera, erasotzaileak 20-30 urte inguru ditu eta "ezaugarri fisiko arabiarrak ditu".

Hala ere, lehen ministroak nabarmendu duenez, "ez gaude Islamaren eta Mendebaldearen arteko gerra baten aurrean, musulmanen eta kristauen artekoa, baizik eta gizabanakoaren askatasunaren eta ideologia ilun baten artekoan".

Bi tiroketa ordu gutxitan

Ustezko erasotzaileak bi tiroketa egin zituen atzo. Lehenik eta behin, arratsaldean, kultur gune baten aurka egin zuen tiro. Bertan, islamismoari eta adierazpen askatasunari buruzko hitzaldi bat egiten ari ziren.

Tiroketaren ondorioz, gizonezko bat hil eta hiru polizia zauritu ziren. Hitzaldian, Lars Vilks artista suediarra ere bazegoen, 2007tik mehatxupean zegoena Mahoma txakur bezala irudikatu zuenetik.

Polizia hipotesien arabera, horren ostean, erasotzaile berberak Kopenhageko sinagoga baten kontra egin zuen tiro, goizalde partean. Tiroketa hartan judu bat hil zuen, eta beste bi polizia zauritu ziren. Hainbat ordu batzuetara, Poliziak ustezko terrorista hil zuen Nørrebroko auzoan, Kopenhageko iparraldean.

Demokraziari eraso egitea

Thorning-Schmidtek esan duenez, tiroketek "gure demokraziari eta daniar guztioi eraso egitea dakarte". "Inoiz ahaztuko ez dituen orduak bizi ditu Danimarkak", nabarmendu du.

"Batasunerako unea da Danimarkan", adierazi du. Halaber, datozen egunetan ere segurtasun-alertari eutsiko diotela iragarri du. Bestalde, denbora eskatu du "erantzun gabe dauden galderak Poliziak erantzun ahal izateko".

Amaitzeko, Alemaniako, Erresuma Batuko eta Suediako lehen ministroekin hitz egin duela baieztatu du Danimarkako buruzagiak.

Poliziaren jokaera

Bestalde, Danimarkako lehen ministroak Poliziaren jokabidea txalotu du, "herritarren segurtasuna bermatzeko, bizkor eta ausardiaz aritu zelako". "Gu babesteko borondatez bere burua arriskuan jarri zuten agenteak bereziki" aipatu ditu lehen ministroak.

"Gurea bezalako gizarte ireki, aske eta demokratikoari eraso egin ostean, inork ez du inolako erantzukizunik gabe ihes egingo", ohartarazi du Thorning-Schmidtek.

Biktimei dagokienez, Danimarkako gobernuburuak adierazi duenez, "gaur goiza oso tristea da. Biktimak eta senitartekoak gogoan ditugu guztiok. Bi pertsona errugabe hil dira atentatu terrorista horren ondorioz".

Ustezko terrorista hil duela eman dute jakitera, eta bestalde, erasoan partehartzaile gehiago izan ez zirela uste du Poliziak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea