Mundua -
Atentatua Danimarkan
Europa ez dutela 'beldurtuko' baieztatu du Europar Batasunak
Europako Batzordeak eta Federica Mogherini Europar Batasuneko diplomaziaburuak atentatua gaitzetsi dute.
Erredakzioa
Europako Batzordeak eta Federica Mogherini Europar Batsuneko diplomaziaburuak larunbat honetan Kopenhageko kafetegi kultural batean izandako atentatua gaitzetsi dute. Erasoaren tokian, adierazpen askatasunari eta islamari buruzko hitzaldi bat egiten ari ziren, eta pertsona bat hil eta hiru lagun zauritu dira.
"Kopenhagen gaur jazotako krimena deitoratu egiten dugu. Gutxienez, pertsona bat hil da eta bizitza bat gehiegi da jada. Biktimekin eta horien senideekin gaude", adierazi dute ohar batean.
"Europak Danimarkarekin bat egin du elkarrizketaren eta adierazpen askatasunaren aldeko defentsan. Europa ez dute beldurtuko", gaineratu dute.
David Cameronek biktimei doluminak eman dizkie
David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak bere doluminak eman dizkie Kopenhageko atentatuko biktimei eta horien senideei, Twitterreko haren kontuan argitaratu duen mezu batean.
"Kopenhageko tiroketa gaitzesten dut. Adierazpen askatasuna beti babestu behar da. Nire pentsamenduak daniarrekin daude", idatzi du Twitterren.