Mundua -

Proxeneta izatea egotzita

Strauss-Kahn auzitara, prostituta sare bat bere zerbitzura zuelakoan

Sumarioaren arabera, gutxienez 15 bat orgia egin zituen Belgikan, Parisen, Washingtonen eta Nueva Yorken, NDFko presidente izan zen garaian.

DSK eta bere emaztea, Nueva Yorkeko eskandalua piztu zen garaian. Irudia: EFE
DSK eta bere emaztea, Nueva Yorkeko eskandalua piztu zen garaian. Irudia: EFE
Proxenetismoagatik Strauss-Khanen kontrako epaiketa hasi da

1:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dominique Strauss-Kahnen (DSK) sexu eskandaluek zeresana eman dute berriz ere, Lillen (Frantziako iparraldean) hastekoa den epaiketa dela eta. Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) presidente ohiari prostituta sare bat bere zerbitzura izatea leporatu diote oraingoan, eta hamar urte arteko kartzela zigorra eta 1,5 milioi euroko isuna jaso dezake horregatik.

DSK akusatuen eserlekuan da berriz ere, proxenetismo larria delitua egotzita, beste 11 gizonezko eta 2 emakumezkorekin batera. Akusazioaren idazkiaren arabera, prostituta talde bat osatu zuten DSKren nahi sexualak asetzeko, NDFko presidente izan zen garaian, eta Frantziako presidente izateko hautagaitza aurkeztu behar zuenean.

Strauss-Kahnek datorren astean deklaratuko du, hiru egunez, asteartean hasita. Gaur, Auzitegiak atzera bota du defentsak epaiketa bertan behera uzteko eskaria. DSKren kontrako mugimendu politikoen ondorioz abiatutako prozesua zela argudiatuta egin zuen defentsak eskaria; eta akusazio zibilaren agerraldia ateak itxita izateko eskariak ere ezezkoa jaso du.

Sumarioaren arabera, gutxienez 15 bat orgia egin zituen Belgikan, Parisen, Washingtonen eta Nueva Yorken; Lilleko Carlton hoteletik antolatu omen zituen festak, 2007-2011 bitartean, eta 100.000 bat euro xahutu zituen sarean.

Instrukzio epaileek 13 prostitutari galdeketa egin zien, eta, hain justu, horiexek izango da prozesu osoan (18 egun) Frantziako Finantza ministro ohiaren mehatxurik handiena. Baliteke DSKk 10 urteko kartzela-zigorra eta milioi bat euroko isuna jasotzea.

Horietatik, lau emakumek akusazio partikularra osatu dute eta, azaldu zutenez, DSK sexu gose handiko gizona da, eta sexuan dominazioa gustatzen zaion horietakoa da.

Edonola ere, Strauss-Kahnek prozesuan izango duen kezkarik handiena da emakumeek esan dutela diru-truke egon zirela hoteletan, eta ez plazeragatik.

Epaiketa egitea erabaki zuten epaileen esanetan, Strauss-Kahnek “ez zuen ezagutzen soilik nesken estatusa, baizik eta bera izan zen orgion sustatzailea”.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
New York Frantzia argazkiak NDF berriak