Mundua -
Auzitegi Nazionala
Ceutan atxilotutako ustezko jihadistak epailearen esku utzi dituzte
Barne Ministerioaren arabera, lau atxilotuak atentatua egiteko eta immolatzeko prest zeuden.
Erredakzioa
Larunbatean Ceutan atxilotutako lau ustezko jihadistak Auzitegi Nazionalera eraman dituzte gaur goizean, Eloy Velasco epailearen esku uzteko.
Atxilotuak bi anaia bikote dira. Jatorri marokoarra dute, baina espainiarrak dira. Barne Ministerioaren arabera, atentatua egiteko eta immolatzeko prest zeuden.
Espainiako Poliziak horien bi etxebizitzak miatu ditu, eta, besteak beste, pistola bat, borroka uniformeak eta buru-beroki bat atzeman dizkie.
Operazioa zabalik dago oraindik, eta Kouachi anaiek Charlie Hebdo aldizkari satiriko frantziarraren aurka atentatua egin eta bi astera etorri da.
Barne Ministerioaren esanetan, lau ustezko jihadistek talde bat osatzen zuten, eta atentatu terrorista bat egitea zuten helburu. Are gehiago, "immolatzeko" prest zeudela adierazi du Jorge Fernandez Diaz ministroak.
Antza denez, Abu Bker Al Baghdadi Estatu Islamikoaren buruak inspiratuta egingo ei zuten atentatua.