Mundua -

AEB-Kuba

Kubako blokeoa bertan behera uztea eskatu dio Obamak Kongresuari

"50 urtean funtzionatu ez badu, gauza berriak probatzeko unea heldu da", adierazi du AEBko presidenteak.

Mezu baikor ezkertiarra egin du Obamak

1:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBko presidenteak Kubako blokeoa "aurten" kentzea eskatu dio gaur Kongresuari. Izan ere, neurri horrek "50 urtean funtzionatu ez badu, gauza berriak probatzeko unea heldu da".

Agintariak herrialdearen egoerari buruzko hitzaldian egin du blokeoa kentzeko eskaera, Behe Ganberan.

"Kuban, iraungitze-data aspaldi atzean utzi zuen politika bati amaiera eman diogu. […] Aurten, Kongresuak blokeoa kentzeko lanak abiatu beharko lituzke", adierazi du.

Obamaren esanetan, "halabeharrezkoa" zen Kubarekin harreman diplomatikoak berriz abiatzea, blokeoak "ez baitu funtzionatu".

"Kubarekiko politika aldatuz, blokeoak kontinente osoan sortzen zuen mesfidantza amaituko da", gaineratu du.

Hitzaldian, presidenteak "ongietorria" eman dio Alan Gross kontratista estatubatuarrari. 2009tik kartzelatuta zegoen Habanan, eta Kubako agintariek abenduan askatu zuten. Gaurkoan, gonbidatuen harmailan izan da, Kongresuan.

Gaur bertan, AEBko goi-ordezkaritza bat Kubara joango da, uharteko Gobernuarekin elkarrizketa diplomatikoak hasteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak bideoak Barack Obama albisteak