Mundua -
Mezuak Interneten
Pentagonoaren Twitter kontuari eraso dio Estatu Islamikoak
Pirata informatikoek AEBko soldaduen aurkako mehatxuak argitaratu dituzte kontuan: “Bizkarrak zaindu, zuen aurka egingo dugu”. Gainera, Pentagonoko kideen datu pertsonalak argitaratu dituzte.
Erredakzioa
Estatu Islamikoarekin lotura omen duen pirata informatikoen talde batek AEBko Agintaritza Nagusiak Twitter eta YouTube kanaletan dituen kontuei eraso die. Piratek erradikalen mezuak eta Pentagonoko kideen datu pertsonalak zabaldu dituzte.
"Cyber Caliphate" (Ziber kalifa-herria) izeneko taldeak hankaz gora jarri du CENTCOM Agintaritza Nagusiak Twitterren duen kontua. Profileko argazkia kendu eta kufiya edo palestinar zapi batez estalitako pertsona bat ipini du. Horrez gain, talde jihadistek erabiltzen duten bandera jarri dute bertan.
Zenbait minututan Agintaritza Nagusiak Twitterren duen kontuan, letra larriz eta atzealde beltz batean, honakoa izan da irakurgai: “EI, maite zaitut”. Minutu batzuk geroago, Pentagonoak bertan behera utzi du sare sozialeko kontua.
Horrela, Twitter (@CENTCOM) kontuari eraso egiten ari zirela onartu dute Pentagonoko funtzionarioek.
“Bizkarrak zaindu”
Pirata informatikoek AEBko soldaduen aurkako mehatxuak argitaratu dituzte kontuan: “AEBko soldaduok! Zeuen bizkarra zaindu, zuen aurka egingo dugu eta”. “Zuei, zuen emazteei eta zuen seme-alabei buruzko informazio guztia dugu”, gaineratu dute, mehatxu gisa.
Agintaritza Nagusiak Floridan du egoitza, eta bertan lan egiten duten soldadu eta jeneralen helbide, telefono-zenbaki eta izen-abizenak ere argitaratu dituzte pirata informatikoek, eta erretiroa hartu duten soldaduen zerrenda bat ere zabaldu dute, informazio pribatua kaleratuta.
Armadako buruzagien lantokietako helbide eta telefono-zenbaki horien artean, besteak beste, Martin Dempsey jeneralarenak eman dituzte.
“Ziber kalifa-herriak, Estatu Islamikoaren babesarekin, ziber jihadarekin aurrera jarraituko du. Siria, Irak eta Afganistango anai-arrebak hiltzen dituzuen bitartean, gu zuen sareetan eta gailu pertsonaletan sartu gara eta zuetaz dena dakigu”, adierazi dute beste mezu batean.
Youtube
Bestalde, Agintaritza Nagusiak YouTuben duen kanalari ere egin diote eraso. Iraken eta Sirian Estatu Islamikoaren aurka egiten dituzten bonbardaketen bideoak argitaratzen ditu bertan Pentagonoak.
Pirata informatikoek, berriz, Flames of War propaganda egiteko bideoa argitaratu dute.