Mundua -
Atentatua Parisen
Islamofobia zabaltzeko beldurra Frantzian
Azken orduotan, meskiten eta musulmanek errezorako erabiltzen dituzten aretoen kontrako eraso ugari izan dira.
Erredkazioa
Asteazkenean Charlie Hebdo astekari satirikoaren kontrako atentatua izan zenetik, meskiten kontrako erasoak bata bestearen atzetik etorri dira Frantzia osoan. Bart, Le Mans hiriko meskita bati egin diote eraso: lehergailu bat eztandarazi dute meskita hartzen duen eraikinean, eta kalte material ugari eragin ditu, Le Maine Libre webguneak jakitera eman duenez. Ikertzaileen arabera, granada bat lehertu da meskitaren horma baten ondoan, eta bala bat ere jaurti dute areto barrura.
Bestalde, Port-la-Nouvellen (Frantzia hegoaldean) musulmanek errezorako erabiltzen duten areto bat tirokatu dute bart.
Gaur goizean, berriz, Villefranche-sur-Saône udalerrian, Lyon hiritik gertu, etxean egindako lehergailu bat zartarazi dute meskita baten ondoan dagoen jatetxe batean.
Erasoa salatu dute musulmanek
Dalik Boubakeur Musulmanen Kulturako Frantziako Kontseiluak eta Parisko Meskita Handiko errektoreak, bestalde, lehen unetik salatu zuen Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatua. “Krimen bat krimen bat da eta alferrik da horrelako ekintza batean kutsu erlijiosoa ikusi nahi izatea. Atentatua nire erlijioarekin eta Frantziako musulmanekin lotu nahi izatea salatu nahi dut”, adierazi zuen atzo Boubakeurrek prentsaren aurrean.
Musulmanen ordezkari nagusiak erasoaren egileak zigortzeko nahia azaldu zuen “ekintza horiek gerrako ekintzak baitira eta zigortzea merezi baitute”. “Beldurtuta eta gertatutakoarekin harrituta gaude; hori ez da musulmanen jarrera, Islamak edozein heriotza salatzen baitu, bizitzaren aurkako edozein atentatu”, esan zuen.