Mundua -
Kolonbia
Su-etena baino lehen bahitutako soldadua askatuko du FARCek
Carlos Becerra Ojeda soldadua abenduaren 19an atxiki zuten.
Erredakzioa
FARC gerrillak (Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailea) iragarri duenez, abenduaren 19an bahitutako Carlos Becerra Ojeda soldadua aske utziko du.
Gerrillaren eta Kolonbiako gobernuaren arteko bake elkarrizketak bermatzen dituzten Kuba eta Norvegiako gobernuen eta Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeko ordezkariak izango dira askatzeko prozesuan, FARCek zehaztu duenez.
FARCek alde bateko su-eten mugagabea iragarri zuen hilaren 20an ; bezperan, Armadaren eta gerrillaren artean izandako tiroketa batean Becerra Ojeda soldadua atxiki zuen.
Tiroketan, bost soldadu hil eta beste bost zauritu ziren. Becerra Ojeda desagertutzat jo zuten, baina handik egun batzuetara bere esku zegoela iragarri zuen FARCek.
FARCek ohar batean agertu duenez, soldadua askatzea "beste bake keinu bat eta ekintza humanitarioa" da.
Gorabeheratsuak izan dira Kolonbiako bake negoziazioak.azken hilabeteetan. Ruben Dario Alzate jenerala eta haren zihoazen Armadako zenbait kide bahitu zituen FARCek azaroan. Ekintza honen ondorioz, Kolonbiako Gobernuak Kuban egiten ari ziren elkarrizketak bertan behera utzi zituen. Bi egun geroago, baina, militarrak askatu zituen FARCek eta berriro ekin zieten bake negoziazioei.