Mundua -
Asteazkenean iragarri zuten
Indarrean da FARCek iragarritako alde bakarreko su-eten mugagabea
Santos presidenteari eskatu diote Obamaren eta Kubaren arteko jarrerari jarraitzea, eta Kolonbian ‘’armak isilaraztea’’. NBEk argitu du ezin duela su-etena egiaztatu.
Erredakzioa
Indarrean sartu da larunbat honetan FARC gerrillak asteazkenean iragarritako alde bakarreko su-eten ‘’mugagabea’’. Gobernuak, bestalde, azpimarratu egin du erne jarraituko duela segurtasuna bermatzeko.
Su-etenaren hasierarekin batera, FARCek deia egin dio Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteari ‘’armak isilarazi’’ ditzan. Hala, Barack Obama AEBko presidenteak Kubarekiko erakutsi berri duen jarrerari jarraitu diezaion eskatu dio FARCek Santosi: ‘’Erabaki eta determinazio ereduari’’ helduta, ‘’Habanako negoziazio mahaian lortutako aurrerapausoak armak uzteko arrazoi nahikoa’’ izatea eskatu du FARCek.
"Garaia da ulertzeko Kolonbiako soldadu bat eta gerrillari bat ez direla ezberdinak’’, adierazi dute. Horrekin batera, presidenteari eskatu diote ez dezala oztoporik jarri bonben eta armen burrunba gabe bere lurraldea ezagutu nahi duen herri baten grinari.
‘’Munduko herrialderik boteretsuenak ez bazuen kubatarren arina makurtzea lortu, kontinenteko bigarren indar militarrak ez du lortuko bidezkoa ez den erregimen baten kontra armak hartu dutenen asaldura menderatuko’’, gaineratu dute.
"Kolonbiarrek bide bakarra dugu: gatazkaren irtenbide polotikoa eta aldaketak adosteko elkarrizketa, demokrazia hedatu eta bake aro luze bat bermatzeko aukera emango diguna’’, defendatu du FARCek.
NBEk argitu du ezin duela su-etena egiaztatu
Bestalde, Nazioa Batuen Erakundeak argitu du ezin duela FARCen su-etena egiaztatu. ‘’Akordioa beharrezkoa da. Ezin da egiaztatzerik egin aldeetako batek eskatuta’’, azaldu du NBEk Kolonbian duen bulegoko buruak.
Halaber, adierazi du ez FARCek ezta Gobernuak ere ez diotela NBEri ezer eskatu, erakundeak ‘’nazioarte mailan eskarmentua’’ badu ere.