Mundua -

Euroganbera

Palestinako Estatua aitortzea babestu du Europako Parlamentuak

Gainera, juduen kolono-guneek nazioarteko zuzenbidea urratzen dutela azpimarratu dute eurodiputatuek.

Europako Parlamentua. Artxiboko irudia: EiTB
Europako Parlamentua. Artxiboko irudia: EiTB
Europako Parlamentua. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Palestinako Estatua aitortzea babestu du gaur Europako Parlamentuak. Euroganberako talde handiek ebazpen bateratua aurkeztu dute. Ekimenak aldeko 498 boto jaso ditu, aurkako 88 eta 111 abstentzio.

“Printzipioz, Palestinako Estatuari eta bi Estatuen konponbideari babesa ematen diegu, eta bake prozesuarekin batera garatu daitezkeela uste dugu”, adierazi du testuak. Era berean, aitortza EB osoan bultzatzeko eskatu diote eurodiputatuek Federica Mogherini Europako diplomaziaren buruzagiari.

Bestalde, eskualdeko indarkeria dela eta “kezka handia” azaldu dute eurodiputatuek. Horrela, indarkeria “irmo gaitzetsi” du Europako Parlamentuak.

Toki sakratuen inguruan indarkeriak gora egiten baldin badu arriskutsua izan daitekeela ohartarazi du Euroganberak, “Palestina-Israel gatazka guda erlijioso bilakatu daitekeelako”.

Zentzu horretan, begi-bistako ekintzen bidez elkarrekin lan egiteko eskatu diete alde bietako buruzagi politikoei.

Kolono-guneak, legez kanpokoak

Bestalde, juduen kolono-guneek nazioarteko zuzenbidea urratzen dutela azpimarratu dute eurodiputatuek. Bi estatuen irtenbidearen bideragarritasuna murriztu dezakeen edozein ekintza saihesteko eskatu diete bi aldeei.

Honenbestez, bi Estatuen konponbideari babesa eman diote eurodiputatuek, 1967ko mugak oinarri bezala hartuta. Bi Estatuen hiriburua Jerusalem izango litzateke. Israel burujabe eta seguru bat eta Palestina bideragarri eta demokratiko bat aldarrikatu ditu Europako Parlamentuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB