Mundua -

Krisia Israelen

Martxoaren 17ra aurreratu dituzte hauteskundeak Israelen

Netanyahu lehen ministroak Gobernua desegin du, bi ministro kargutik kendu eta gero.

Israelgo hauteskundeak martxoaren 17ra aurreratu dituzte

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo hauteskundeak martxoaren 17ra aurreratu dituzte, Yuli Edelstein herrialde horretako Parlamentuko presidenteak iragarri duenez.

Parlamentuko taldeek bilera egin dute, atzo Benjamin Netanyahu lehen ministroak Gobernua desegin eta gero, hauteskundeen data adosteko.

Netanyahuk Gobernua desegitea erabaki zuen atzo, Tzipi Livni eta Yair Lapid Justizia eta Finantza ministroak kargugabetu eta gero. Izan ere, Gobernuaren politikei "sabotajea" egin nahi izatea egotzi die.

Lehen ministroak Gobernu barruan ahots kritiko ugari izan dituelako eskatu du hauteskundeak aurreratzea. Batik bat, Israel "Estatu judu" bihurtzea eta palestinarren lurraldeetan kolono-eremuak eraikitzen jarraitzea dira kritika gehien izan dituzten politikak.

"Ez dut onartuko Gobernu barruan oposizioa egitea", ohartarazi zuen atzo Netanyahuk.

Une honetan, 13 alderdik dute ordezkaritza Israelgo Parlamentuan, eta horrek gobernagarritasuna zailtzen duela uste du lehen ministroak.

Dena dela, hauteskunde berrien ondoren badirudi alderdi kopurua ez dela gutxituko, eserlekua lortzeko gutxieneko boto kopurua % 4ra igo badute ere.

Israelgo telebista-kate baten inkestaren arabera, Likud Benjamin Netanyahuren alderdiak irabaziko lituzke hauteskundeak, 22 eserleku lortuta, eta ondoren Naftali Bennet Ekonomia ministroaren Etxe Judua alderdia izango litzateke, 17rekin. Kolonizazioaren aldeko indar nagusietakoa da hori.

Antza denez, bi alderdi horiek osatuko lukete Gobernua, eta Israelgo inoizko nazionalistena izango litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea