Mundua -
Al Sisi:'Egiptok ez du atzera egingo Mubaraken absoluzioaren eraginez'
2011ko iraultzako biktimei kalte-ordainak helarazteko “ahalik eta neurririk gehien” adosteko eskatu dio presidenteak lehen ministroari.
Erredakzioa
Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohiak ez du 2011ko erreboltetan hildako manifestarien heriotzarengatik zigorrik jasoko, asteburuan jakitera eman zuten epaiaren arabera. Mubaraken absoluzioak ez du Gobernuarengan eraginik izango, Abdelfatah Al Sisi egungo presidenteak adierazi duenez. “Egiptok Estatu demokratiko moderno bat eraikiko du, ez du iraganera atzea eragingo Mubaraken absoluzioaren ondoren”, esan du.
Ustelkeriagatik eta Israeli gasa saltzeko kontratuak merkatuak zehazten duena baino prezio baxuagoan sinatzeagatik ere akusatua zegoen Mubarak, baina absolbitu egin zuten.
Epaitegiak ez du loturarik ikusi Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohiaren jardunaren eta manifestarien heriotzaren artean.
Ohar batean, Al Sisik adierazi du ez duela ebazpenaz komentariorik egingo, Egiptoko Justiziaren “independentziaz” eta epaileen “inpartzialtasunaz” ziur dagoelako.
Hala ere, 2011ko iraultzako biktimei kalte-ordainak emateko “ahalik eta neurririk gehien” adosteko eskatu dio presidenteak lehen ministroari.
Mubarak presidente izateari utzi zionetik ari dira kalte-ordainen inguruan eztabaidatzen. Zifra ofizialen arabera, erreboltako 18 egunetan 850 lagun hil ziren, poliziaren eraginez.
Gaur egun, Egiptok “etorkizunari” begiratzen diola eta, “inolaz ere” ez dela iraganera bueltatuko azpimarratu du Al Sisik.
Mubaraken absoluzioaren ondorioz, protestak izan ziren larunbatean Egipton, baina poliziak eragotzi egin zituen.