Mundua -
Kolonbia
Su-etenik ezean 'presoak egiteko eskubidea' duela esan du FARCek
Bestalde, “atzerapenik gabe” Europan Kolonbiako bake prozesua bultzatzeko “babes adierazgarriak” azaltzea espero du Ricardo Tellez FARCen komandanteak.
Erredakzioa
“Eraso ekintzek” jarraitzen duten bitartean talde gerrillariak “gerra-presoak egiteko eskubide legitimoa” duela defendatu du Ricardo Tellez FARCeko komandanteak. Tellez Kolonbiako bake prozesuaren negoziazioan parte hartzen ari da. Gainera, “atzerapenik gabe” Europan Kolonbiako bake prozesua bultzatzeko “babes adierazgarriak” azaltzea espero du Tellezek.
Bake Kultura Fundazioak, Mundubatek eta Lokarrik Kolonbiako Bake Prozesuari Babesa emateko Nazioarteko Bilkura antolatu dute Donostian. Tellezen hitzetan, “egun gutxi barru” Ruben Dario Alzate jenerala eta beste bi pertsona “askatzeko baldintzak ematea” espero dute Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek.
Habanan (Kuba) bi urteko elkarrizketaren ostean, Gobernuaren “burugabekeria batengatik” prozesua bertan behera geratu dela adierazi du komandanteak bideo batean. Tellezen ahotan, Exekutiboak “bake borondatea duela dio, baina aldi berean gerra deklaratzen du elkarrizketarako agertoki gisa”.
“Jarrera zentzugabea”
“Konfrontazioan jeneralak eta soldaduak ukitzea ez du jasaten” Exekutiboak, “jarrera zentzugabea” da, salatu duenez. Honenbestez, “babesa ematen digun herriaren eta FARCen aurkako eraso ekintzak mantentzen diren bitartetan, gerra-presoak egiteko eskubide legitimoa dugu”.
Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek 2012ko abuztuaren akordioa “Gobernuaren konpromisoetan gauzatzea” nahi dute, “ongizate kolektiboa eta herriaren garapena lortzeko”, erantsi duenez.
Tellezen hitzetan, “su-etena eta armak lagatzeko bideak eta pausoak emateko” neurriak aztertu dituzte. Horretarako “aldebiko konpromisoa, hau da, Estatuaren eta gizartearen desmilitarizazioa” eskatu du, armak “politikan ez erabiltzeko”.