Mundua -

Botereen transferentzia

Smith Batzordea: 'Eskoziak eskumen gehiago izan behar ditu'

David Cameron lehen ministroak martxan jarritako batzorde legegileak proposamenak entregatu dizkio Exekutiboari ostegun honetan, Eskoziak zerga autonomia handiagoa izateko.

Eskoziako bandera. Artxiboko irudia: EiTB
Eskoziako bandera. Artxiboko irudia: EiTB
Eskoziako bandera. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak batzorde legegile bat izendatu zuen. Eskoziak zerga autonomia handiagoa izateko proposamenak entregatu dizkio gaur Gobernuari. 1999az geroztik botere transferentzia handiena izango litzateke. 1999an Eskoziako Parlamentua sortu zuten.

Smith Batzordeak Lord Robert Smith of Kelvin presidentearen izena hartu du. Irailaren 18an eskoziarrek independentziari uko egin eta gero, Cameronek batzordea sortu zuen.

Erresuma Batuko hiru alderdi politiko nagusiek Eskoziari botere gehiago agindu zizkioten, independentziari uko egitearen truke. Eskoziarrek 307 urteko batasuna ez haustea erabaki zuten erreferendumean.

Eskoziak errentaren gaineko zergak finkatzeko eta gastu sozialean erabakitzeko gaitasuna izatea proposatu du Smith Batzordeak. Bestalde, Eskoziako Parlamentua eta beste egitura politiko batzuk nola funtzionatzen eta hautatzen diren erabakitzeko gaitasuna ematea proposatu du.

Era berean, Eskoziak dirua biltzeko boterea izango du, baina Londresek egiten duen gastua kenduko litzaioke. Zorpetzeko gaitasun handiagoa izango luke Eskoziak, baina Erresuma Batuko Gobernuarekin adostu beharko luke.

Etsigarria

Botere berriei ongietorria egin die Eskoziako Gobernuak, baina Smith Batzordeak egindako proposamena etsigarria dela uste du Nicola Sturgeon ministro nagusiak.

Akordioak eskoziarrek independentziaren inguruan azaldutako interesa baretzea espero dute Alderdi Kontserbadoreak, Alderdi Liberal Demokratak eta Alderdi Laboristak.

Akordioaren berri ostegunean eman du Erresuma Batuak, baina maiatzeko hauteskunde orokorrak egin arte ez dute aplikatuko. Eskoziaren botere berrien legedia urtarrilaren 25erako idatzita izatea aurreikusi dute; izan ere, eskoziarrek Robert Burns olerkariaren jaioteguna ospatzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eskozia berriak Eskoziako erreferenduma