Mundua -

Tentsio soziala

Obamak lasaitasunerako deia egin du Fergusonen tentsioa baretze aldera

Gainera, AEBko presidenteak onartu egin du auzi honek agerian utzi dituela historia arrazista duen herrialdeak konpontzeke dituen erronkak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak lasaitasunerako deia egin du Michael Brown gazte beltza hil zuen polizia inputatuko ez dutela jakin eta gero, baina onartu egin du auzi honek agerian utzi dituela historia arrazista duen herrialdeak konpontzeke dituen erronkak.

“Azken hamarkadetan aurrerapauso handiak eman ditugu arrazen arteko harremanetan, horren lekuko izan naiz nire bizitzan, baina arazoak izaten jarraitzen dugu, beste arraza batzuetako komunitateek ez dituzte asmatzen”, esan du Obamak Etxe Zurian aurretik iragarri gabe egin duen agerraldi batean.

“Hau ez da Fergusonen afera soilik, hau AEBren afera da”, gaineratu du presidenteak, abuztuan istilu arrazista uholdea eragin zuen auziko epaimahaiaren ebazpena ezagutu eta gutxira. Auzi horretan, arrazismoaren gaineko eztabaidak eta poliziaren indarkeriaren eztabaidak bat egiten dute.

Obamak Michael Brownen gurasoen hitzak hartu ditu gogoan hitzaldiaren hasieran. Hildakoaren gurasoek protestetan indarkeriaz ez jokatzea eskatu dute, eta eztabaida eraikitzaile baten alde azaldu dira, euren semearen heriotza antzua izan ez dadin.

“Fergusonen zaudetenoi, badaude zuen kezkak bideratzeko bestelako modurik”, Obamaren esanetan. Alabaina, “ulergarritzat” jo du jendearen haserrea, baina ebazpen judiziala onartzeko deia egin du.

Brownen senitartekoek erantzun baketsua ematea eta lau minutu eta erdiko isilunea egitea eskatu dute, baina epaia ezagutu eta gutxira istiluak hasi dira Fergusonen.

Istiluotan, kalte handiak eragin dituzte ibilgailuetan eta leihoetan. Gainera, zenbait lekukoren arabera, Saint Louis konderriko Poliziak gas negar-eragilea erabili du protestariak sakabanatzeko. Protestak desegiteko “kea” baino ez dela esan dute agenteek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Barack Obama argazkiak Arrazismoa argazkiak