Mundua -
Bake elkarrizketak
Akordioa Kolonbiaren eta FARCen artean, bahituak libre uzteko
Santosek iragarri duenez, bere negoziatzaileak Habanara itzuliko dira Alzate, beste hiru militar eta zibil bat askatzen dituztenean.
Erredakzioa
Kolonbiako Gobernuak iragarri duenez, bake negoziatzaileak Habanara itzuliko dira FARCekin abiatutako elkarrizketei berriro ekiteko, talde gerrillariak Ruben Dario Alzate Armadako jenerala, beste hiru militar eta zibil bat askatzen dituenean.
Halaxe adierazi du Juan Manuel Santosen Gobernuak, Kubak eta Norvegiak, bake elkarrizketen zaindariek, bahituak askatzeko baldintzen inguruan akordioa lortu dutela adierazi eta gero.
"Guztiak askatzen dituztenean joan dira Habanara Gobernuaren ordezkariak", adierazi du prentsaurreko batean Gobernuaren bozeramaileak.
Alzate jenerala, FARCek inoiz bahitu duen kargu altueneko militarra, igandean atxiki zuen talde gerrillariak, Jorge Rodriguez kaboarekin eta Gloria Urregi abokatuarekin batera.
Horren berri izan ostean, Santos presidenteak bake elkarrizketak eten zituen, eta Kubara zihoazen negoziatzaileen bidaia geldiarazi zuen, bahituak askatu arte.
FARCek libre utziko dituen beste bi bahituak Cesar Rivera eta Jonathan Diaz izango dira, Kubak eta Norvegiak iragarritakoaren arabera. Azaroaren 9an bahitu zituzten, Arauca departamentuan izandako borrokaldi batean.
Kolonbiako Gobernuak eta FARCek abiatutako bake elkarrizketek bi urte bete dituzte gaur, eta gertakari hauek dira orain arteko larrienak.