Mundua -
Habana
Kolonbiako bake elkarrizketak etenda, FARCen bahiketa baten ostean
Gerrillarien ordezkariekin biltzera zihoazen negoziatzaile kolonbiarrak ez dira Habanara abiatu, Santos presidenteak hala aginduta.
Erredakzioa
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak bertan behera utzi ditu, behin-behinean, FARCekin abiatutako bake elkarrizketak, gerrillak Kolonbiako Armadako jeneral bat eta beste bi pertsona bahitu eta gero.
Santosek gauerdian iragarri duenez, Habanara zihoazen negoziatzaileei etxean geratzeko agindua eman die, gertakaria argitzen den arte gutxienez.
"Bihar ziren joatekoak gure negoziatzaileak Habanara, negoziazio erronda berria abiatzera. Negoziatzaileei esan diet ez daitezela Kubara joan gertakaria argitu eta bahituak libre uzten dituzten arte", adierazi du estatuburuak.
Ruben Dario Alzate jenerala bahitu dutela baieztatu ondoren hartu du erabakia Santosek, Armadako buruzagiekin egindako bilera batean. Bahitutako jenerala FARCen kontrako talde berezi bateko kide zen, eta Las Mercedesen bahitu dute, zibilez jantzita zegoela.
Jeneralarekin batera, Jorge Rodriguez kaboa eta Gloria Urrego abokatua ere bahitu dituzte. Gerrillariek bahitu dituztenean, txalupa batean zihoazen, bizkartzainik gabe, gerrillari ugari dauden eremu batean.