Mundua -
Australia
G-20ak 800 neurri onartu ditu ekonomia suspertzeko helburuarekin
Bestalde, Vladimir Putinek goi-bilera amaitu baino lehen alde egin zuen, bere esanetan, astelehenean lanera joan aurretik apur bat lo egiteko eta agenda arazoengatik.
Erredakzioa
G-20 taldeak, Brisbanen (Australia) asteburu honetan egindako goi-bileran, ekonomia suspertzeko 800 neurriko sorta onartu du, taldeko kide diren herrialdeen ekonomia % 2,1 haz dadin datozen bost urteetan.
Tony Abbott Australiako lehen ministroaren esanetan, G-20ak “emaitza erreal eta praktikoak” ematen ditu eta, horiei esker, etorkizunean “mundu osoan zehar pertsonak hobeto” egongo dira.
“Hazkunde neurri-sorta bat onartu dugu eta, aplikatzekotan, hazkunde globalak % 2,1 egingo du gora datozen bost urteetan”, lehen ministroak azaldu duenez, ABC katearen arabera.
“Brisbaneko ekintza planak 800 neurri baino gehiago onartu ditu eta, hitz emandako guztia egiten badugu, gure Barne Produktu Gordina % 2,1 haziko da, Nazioarteko Diru Funtsak eta Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak esan dutenez”, gaineratu du.
Bestalde, Vladimir Putinek goi-bilera amaitu baino lehen alde egin zuen, bere esanetan, astelehenean lanera joan aurretik apur bat lo egiteko eta agenda arazoengatik.
“Lan-gosarira ez joateko arrazoien inguruan ez espekulatzeko, Finantza ministroak hemen jarraituko du, eta berak emango du ebolaren kontrako gure borrokaren nondik norakoen berri”, esan du Putinek Moskurantz abiatu baino lehen.
Azaldu duenaren arabera, “bederatzi orduko hegaldia dugu Vladivostokeraino, eta handik Moskura bederatzi orduko beste hegaldia. Gero etxera joan, eta astelehenean lanera. Gutxienez lauzpabost ordu egin behar dut lo”.