Mundua -

Iguala

Mexikoko Fiskaltzak baieztatu du 43 ikasleak erail dituztela

Alabaina, ikasleen senitartekoek bizirik daudela pentsatzen jarraitzen dute, Enrique Peña Nietoren Gobernuak froga zientifikoak aurkeztu arte.

Mexikoko 43 ikasleak nola hil zituzten azaldu dute hiltzaileek

0:44

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mexikoko Fiskaltza Nagusiak baieztatu du irailaren 26an Guerrero estatuan desagertutako 43 ikasleak Guerreros Unidos taldeak erail zituela, atxilotu berri dituzten hiru pertsonek aitortu dutenez.

Jesus Murillo Karam fiskal nagusiak eman du albistearen berri, prentsaurrekoan, Patricio Reyes ‘El Pato’, Jhonatan Osorio ‘El Jona’ eta Agustin Garcia ‘El Chereje’ atxilotu dituztela iragarri ondoren. Hiru atxilotu horiek aitortu dute gazteak erail eta haien gorpuak erre izana.

“Ziur nago han sarraskia egin zutela, zer egin behar dut orduan? Identifikatu”, esan du fiskal mexikarrak.

Gainera, Murillok argitu du ikasleak erre eta ondoren ehortzi zituztela. Halaber, fiskalaren esanetan, ikerketak zabalik jarraitzen du eta ikasleak “desagertutzat” hartuko dituzte topatutako arrastoak Austriako laborategi batean identifikatu arte.

“Bizirik diraute”

Edonola ere, desagertutako 43 ikasleen senideek ez dute atxilotuen bertsioa sinisten, eta bizirik jarraitzen dutela diote, Enrique Peña Nietoren Gobernuak froga zientifikoak erakutsi arte.

“Gurasoak torturatzen jarraitzeko modu bat da. Esan nahi diogu guk, gurasoak garen heinean, ez ditugula adierazpen horiek inolaz ere onartzen”, aitetako batek adierazi duenaren arabera.

Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak ere, era berean, desagertutako ikasleak izan ditu hizpide eta, esan duenez, ez dute atseden hartuko “Justizia izan arte”.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mexiko