Mundua -

Iruzkina

Aro baten amaiera

Obamak agindutako egitasmo asko zaborretan daude dagoeneko, errepublikanoen garaipenaren ondoren.

Mikel Reparaz, EiTBk AEBn duen berriemailea.
Mikel Reparaz
Mikel Reparaz, EiTBk AEBn duen berriemailea.

Mikel Reparaz

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskundeen biharamunean hasi da Barack Obamaren agintaldiaren azken txanpa, maldan gora. 'Yes, we can' hura oroitzapen lauso bat baino ez da hauteskunde-gau honen erdian. Orduan, AEBko lehen presidente beltzak herri oso baten ilusioa piztu zuen. Gobernuan sei urte eman ondoren, ilusioa itzali da eta presidentearen onarpen maila George W. Bushek garai txarrenean izan zuen mailatik gertu dago. Horren guztiaren ondorio logikoa iritsi da: demokratak amildegitik behera erori dira hauteskunde legislatiboetan. Horrek ziklo aldaketa ekarriko duen ala ez ikusteko dago, hala ere.

Obamak Etxe Zurian amaiera garratza izango duela diote ezkorrenek. Baikorrenen ustez, berriz, egoera berriak estrategia aldatzera behartuko du presidentea, eta lankidetza egin beharko du oposizioarekin. Baina oposizioak Kongresu osoa du kontrolpean orain, eta ez dizkio gauzak erraz jarriko Obamari. Mitch McConnell, Senatuko errepublikanoen burua, Washingtongo gizon boteretsuenetakoa da orain. Garaipenaren hitzaldian, eskua luzatu die demokratei, baina ohartarazi die norabide aldaketa datorrela, "esperimentuak amaitu direlako".

Obamak agindutako egitasmo asko zaborretan daude dagoeneko. Immigrazioaren legearen erreforma eta suzko armen kontrola, besteak beste. Ez dute etorkizunik errepublikanoen esku dauden bi ganberetan. Aldaketa klimatikoaren aurkako neurriak ere demokraten hondamendiaren beste biktima izan daitezke. Horren aurrean, Obamak bi aukera ditu: dekretu presidentzialak erabili bere egitasmoak aurrera eramateko edo errepublikanoekin aurrez aurre eseri. Ikusiko da zein den Obamaren erabakia. Oraingoz, bi alderdi nagusietako buruak deitu ditu Etxe Zurira ostiralerako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak Hauteskundeak AEB argazkiak