Mundua -

Ukrainako hauteskundeak

Europazaleek irabazi dituzte parlamenturako hauteskundeak Ukrainan

Parte-hartzea % 50 ingurukoa izan da, baina ekialdeko boto-emaileen erdiek ezin izan dute botoa eman.

Parlamentua aukeratzeko eguna dute Ukrainan. Argazkia: EiTB
Parlamentua aukeratzeko eguna dute Ukrainan. Argazkia: EiTB
Alderdi Europazaleek gehiengo nagusia lortu dute Ukrainan

0:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteslekuetan egindako inkesten arabera, alderdi europazaleek irabazi dituzte Ukrainako parlamenturako hauteskundeak. Horren arabera, europazaleek Parlamentuko eserlekuen % 70 baino gehiago eskuratu dituzte, eta parte-hartzea % 50 ingurukoa izan da.

Petro Poroxenko Ukrainako presidentearen eta Arsein Yatseniuk lehen ministroaren alderdiek eserlekuen % 45 inguru eskuratu dituzte. Lehen inkesten arabera, Poroxenkoren blokea ageri da aurretik botoen % 23rekin, eta Yatseniuken Fronte Popularrak, bigarren postuan % 21,3rekin.

Boto proiekzioak, ordea, Parlamentuko eserlekuen erdiei buruzkoak dira eta beste erdien inguruko emaitzak geroago ezagutuko dira.

36 milioi ukrainar zeuden bozkatzera deituta, baina errusiazaleen boikotaren ondorioz, Donetsk eta Luhansk eskualdeetan botoa ematera deituta zeuden 5 milioi biztanleetatik erdiek baino gutxiagok ezin izan dute bozkatu.

Datuen berri izan bezain laster, hauteskundeak ekialderako bake plana babesten duten alderdiek irabazi dutela eta gatazka konpontzeko gerra proposatzen duten alderdiek galdu dituztela azpimarratu du Petro Poroxenko presidenteak.

Ukrainako presidentea Donetsk hirian izan da gaur goizean, errusiazaleak nagusi diren eskualde horretan ere botoa emateko aukera zegoela erakusteko. Azaldu duenez, lehen errebeldeen gotorleku ziren Slaviansk, Dzerzhinsk eta Novoaidar hirietan izandako "arazoak konpondu" dituzte, eta "parte-hartzea Kievekoarekin alderatu daiteke".

Parte-hartzeari dagokionez Poroxenkok adierazi du ez dela gorabehera nabarmenik izan, eta hauteskunde demokratikoak izan direla.

Bestalde, Hauteskunde Batzorde Zentralak aitortu du Kieven kontrolpean zeuden Donetsk eta Luhansk hirietako hautesleku batzuetan bozkatzea ezinezkoa izan dela, segurtasun faltagatik edota hauteskundeetako delegatuak ez zeudelako. "Donetsk eskualdeko 21 barrutietatik, 6tan bozkatzea bermatuta dago, beste 6tan partzialki bakarrik, eta beste 9tan ezinezkoa da", adierazi du Hauteskunde Batzorde Zentralak ohar batean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina gaur