Mundua -
Ebola AEB-n
Ebola duen bigarren erizaina hegazkin batera igotzen utzi zuten
Obamak Europako buruzagi nagusiekin hitz egin du ebolari buruz, baina ez Rajoyrekin.
Erredakzioa
Barack Obama AEBko presidenteak ebolaren aurkako borrokan konpromiso handiagoa erakustea eskatu die Europako agintari nagusiei.
Hain zuzen ere, Alemaniako, Frantziako, Italiako eta Erresuma Batuko gobernuburuekin hitz egin du, bideokonferentziaz, baina ez Mariano Rajoyrekin, Espainia Europan ebola transmisio kasu bat izan duen estatu bakarra bada ere.
Obamak "tragiko"tzat jo du Afrikako mendebaldean sortutako ebola izurritea, eta herrialde guztiek "ekarpen garrantzitsuagoak" egin behar dituztela esan du, Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak azaldu duenez.
Horren esanetan, oraingoz ez dituzte debekatuko ebolak gehien astindutako herrialdeetako hegaldiak. Hori bai, aireportuetan zorroztu egingo dituzte kontrolak. Horren ildotik, Afrikako mendebaldetik datozen bidaiari guztiei tenperatura neurtuko diete.
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, ebola izurriteak 4.493 pertsona hil ditu dagoeneko, eta 8.997 kutsatu. Herrialde kaltetuenak Liberia, Sierra Leona eta Ginea dira.
Ebolaz kutsatutako bigarren erizaina hegazkin batera igo zen
Bien bitartean, AEBko agintariak kezkatuta daude, beste erizain bat kutsatu baita ebolaz Texasko Ospitalean. Gainera, Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroak (CDC) hegazkin batera igotzeko baimena eman zion emakumeari, sukarra bazuen ere.
Erizainak sukar txikia zuen, eta, hasieran batean, birusa transmititzeko arriskua ere txikia da. Hala ere, erizanari hegazkinera igotzeko baimena eman izana akatsa izan dela aitortu du CDCk. Orain, hegazkin horretan izan ziren 130 pertsonen bila ari dira.
Erizainak (29 urte) Thomas Eric Duncan hilaren 8an ebolaz hildako gizonezkoa artatu zuen, Texasko Ospitalean.