Mundua -
Kairoko batzarra
4.275 milioi euro bildu dituzte Gaza berreraikitzeko
Palestinako Gobernuak 3.100 milioi euro eskatu dizkie nazioarteko herrialdeei.
Erredakzioa
Nazioarteko herrialdeen artean 4.275 milioi euro (5.400 milioi dolar) jarriko dituzte Gaza berreraikitzeko, Borge Brende Norvegiako Atzerri ministroak jakinarazi duenez.
Dirua jarriko duten herrialdeen artean, Qatar izango da diru gehien jarriko duena: 790 milioi euro (1.000 milioi dolar). Halaber, Kuwait, Turkia eta Arabiar Emirerri Batuak herrialdeek 200na milioi dolar jarriko dituzte.
Europar Batasunak eta erakundea osatzen duten zenbait herrialdek 450 milioi euro baino gehiago emango dituzte Gaza berreraikitzen laguntzeko, Catherine Ashton Eurotaldeko Kanpo Arazoetarako komisarioak Kairon (Egipto) egindako hitzaldi batean zehaztu duenez.
Aurrez, John Kerry AEBko Estatu idazkariak 167 milioi euroko laguntza iragarri du.
Palestinako Gobernuaren arabera, nazioarteko emaileen 3.100 milioi behar dituzte Palestinako gunea berreraikitzeko, Israelek udan egindako erasoetan hautsitakoa konpontzeko. 2.000 palestinar baino gehiago eta 71 israeldar hil ziren eraso horietan.
NBEk, berriz, 1.300 milioi euro ematea proposatu du, UNRWA Ekialde Hurbileko Palestinar Errefuxiatei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak inoiz eskatutako laguntzarik handiena.