Mundua -

Txina

Hong Kongeko protestak ulertzeko gakoak

Protesta jendetsu eta odoltsuak izaten ari dira Erresuma Batuko kolonia ohian. Manifestariek demokrazia gehiago galde egin diote Gobernuari.

'Aterkien iraultza' bezala ezagutzen dira Hong Kongeko protestak.EFE
Hong Kongeko 'Aterkien iraultza'
Protestak Hong Kongeko gune turistikoenetan

1:27

Eider Garaikoetxea | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egunotan ez da giro Hong Kongen. Xi Jinping Txinako presidentearen gobernuak hauteskunde legearen erreforma iragarri zuenetik, ehunka milaka lagun bildu dira hiriko erdigunean, Pekini demokrazia gehiago eskatuz. Polizia eta manifestarien arteko istilu odoltsuen irudiak mundu zabalean barreiatu dira. Txina ataka larrian dago, bi aukera baino ez dituelako: hongkongdarren eskakizunei men egitea edo protestak bortxaz geldiaraztea. Erresuma Batuko kolonia ohian gertatzen ari dena ulertzeko gakoak laburbildu ditugu ondorengo lerroetan:

Nork agintzen du Hong Kongen?

1997era arte izan zen Hong Kong Erresuma Batuko kolonia. Ordutik, Txinako Herri Errepublikako Eskualde Administratibo berezia da, Kanton eta Macaorekin batera. Orduko hartan Deng Xiaopingek eta Margaret Thatcherrek adostu zutenez, "herrialde bakarra, bi sistema" premisapean aginduko zuen Pekinek. Hau da, eskualdeak Txina kontinentalak baino autonomia gehiago izango zuen eta sistema kapitalistari irekiago egongo zen. Sufragio unibertsaladun hauteskundeak bateratzea izan zenetik 20 urtera egitea onartu zuten bi aldeek, hau da, 2017an.

Txinako presidenteak hauteskunde erreformak iragarri zituen abuztuan, baina sufragio unibertsalari mugak jarri zizkion. Hori horrela, Pekingo gobernuaren oniritzia duten hautagaiek bakarrik parte hartu ahalko dute hiru urte barru egitekoak diren bozetan. Hong Kongeko gobernuak erreforma babestu du, eta horrek piztu du herritarren haserrea.

Nork eta nola deitu ditu mobilizazioak?

Ikasleek aurrena eta Occupy Central mugimenduak gero deitu dituzte Hong Kongeko protestak. Azken talde honek hiriko kale eta eraikin publikoak okupatzeko deia egin du. Sufragio unibertsala galde egiteaz gain, Leung Chun-Ying Hong Kongeko lehen ministroaren dimisioa eskatu dute.

Izena ere ipini diote protestari: 'Aterkien iraultza'. Izan ere, manifestariak euritakoak erabiltzen ari dira Poliziak jaurtitako gasaz babesteko. Hala, munduari buelta eman dioten irudietan milaka aterki ikus daitezke.

Arabiar Udaberria lehertu zenetik, hainbat protestetan jazo den bezala, sare sozialek protagonismo berezia dute mobilizazio hauetan. Hong Kongeko gazteak iaioak dira teknologia eta sakelakoak erabiltzen. Protestak sare sozialen bidez antolatu eta zabaldu zituzten, eta, Txinak Internet blokeatu zuenean, alternatiba bilatu zuten: Firechat, Bluetooh bidez komunikatzea ahalbideratzen duen sistema.

Errepresioa, protesten arrakastaren giltza

Udan manifestazio masiboak izan dira Hong Kongen; ez, ordea, egunotakoak bezain garrantzitsuak. Asteburuan hasi zen jendea pilatzen hiri erdigunean, baina mobilizazioaren arrakasta Hong Kongeko Poliziak egindako jazarpen odoltsuari zor zaio, istiluen kontrako polizien jardunak jende gehiago erakarri zuen eta.

1989an Tiananmenen gertatutako protestekin alderatu dituzte Hong Kongeko hauek.

Txina, kinka larrian

Orain arte, 'itxaron eta ikusi' estrategia jarraitu du Txinak, izan ere, zerbait egitekotan, bi aukera baino ez ditu Pekingo gobernuak: hongkongdarren eskaerei men egitea (ez du ematen hala egingo duenik, Xi Jinpingek eskua zorrotz duela erakutsi nahi baitu) edo protestak bortxaz geldiaraztea (aukera hau ere ez da bideragarria, errepresioaren ondorioz protesta handitu baino ez delako egin).

Manifestazioek burtsan eta banketxeetan eragin duten lurrikarekin ere kezkatuta dago Txina. Ingurumaria honetan, beraz, Hong Kongeko lehen ministroa kargutik kenduko dutela uste dute adituek.

Zer gertatuko da orain?

Mobilizazioek luze jotzen badute, protesta giro eta gogoa Taiwanera ere zabal daiteke. Urriaren 2a 'arre edo so' egiteko eguna izan daiteke, manifestariek ultimatuma eman baitiete agintariei: Hong Kongeko lehen ministroak dimisioa ematen ez badu, protestak gogortuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txina bideoak