Mundua -
Protesta demokratikoak
Tentsio isila Hong Kongen, poliziaren presentzia txikituta
Hiri erdigunean bildutakoen kopuruak behera egin du, baina bihar jaiegun seinalatua da Txinan, eta protestak areagotzea espero da.
Erredakzioa
Hong Kong erdialdea tentsio isilean esnatu da gaur. Larunbatetik ehunka milaka pertsona batu dira, demokrazia gehiago eskatuz, baina poliziaren presentzia dezente txikitu denez, behera egin dute protestek. Dena dela, bihar Txinako Herri Errepublikaren sorreraren urtemuga da, jaiegun seinalatua beraz, eta mobilizazio handiak espero dira.
100.000 lagun inguru daude kolonia britainiar ohiaren erdigunean bilduta, Occupy Central izeneko mugimenduak deituta. Larunbatean hasi zen jendetza protestan, eta poliziaren jazarpen bortitzak, istiluak gelditu barik, areagotu egin zituen, eta jende gehiago erakarri zuen. Pekinek estrategia aldatu du azken orduetan, eta hala, giroa nabarmen lasaitu da.
Hong Kongen egunotan jazotakoak 1989an Tiranamengo plazako gertaerak ekarri dizkiote gogora bati baino gehiagori, eta Hong Kongeko eta Txinako agintariak kinka larrian ipini ditu.
Hong Kong Txinako eskualdea da, baina erregimen administratibo berezia du. "Herrialde bakarra, bi sistema" premisapean agintzen du han Txinak. Hau da, eskualdeak autonomia gehiago du, eta Txinan ez bezala, sufragioa unibertsala da.
Hain justu, abuztu erdialdean Pekinek proposatutako hauteskunde araudiaren erreformak hautsak harrotu zituen eta horrek piztu zuen protesten sugarra. Sufragio unibertsala aitortzen bazuen ere, hautagaiek Hauteskunde Batzordearen oniritzia izan behar zuten. Ikasleek lehenengo, eta Occupy Central mugimenduak gero, sufragio unibertsala bermatzea eskatu zuten.
Leungn Chun Ying Hong Kongeko gobernadoreak eta Txinako Gobernuak berak amore emango ez dutela azpimarratu dute behin eta berriz.
Protesta handiagoak espero dira bihar
"Espero dugu Hong Kongo herriak tinko eutsi, eta urriaren 1erako orain arte hartu ez ditugun lekuak hartzeko adorea edukitzea. Demokraziaren alde duintasunez eta ausardiaz borrokatu behar dugu", agertu dute Occupy Central mugimenduko buruzagiek.
Izan ere, biharko egunari begira, protestak areagotzeko deia egin dute talde horietako kideek.