Mundua -
Hegoafrika
Pistoriusi homizidio arduragabea leporatu diote
Epailerentzat frogatuta geratu da korrikalariak nahita egin zuela tiro etxeko komuneko atearen kontra, baina atzean zegoen pertsona hiltzeko asmorik gabe.
Erredakzioa
Epaileak homizidio arduragabea leporatu dio Oscar Pistorius atleta hegoafrikarrari, Reeva Steenkamp emaztea tiroka hiltzeagatik 2013ko otsailaren 14an. Ebazpen horren arabera, korrikalariak 15 urtera arteko kartzela-zigorra jaso lezake, Hegoafrikako zigor kodean agertzen denez. Hilabete barru jakinaraziko diote zigorra zenbatekoa izango den, eta ordura arte, epaileak baldintzapean aske utzi du atleta hegoafrikarra, ihes egiteko arriskurik ez dagoela iritzita.
Pistoriusen kontrako hilketa salaketa aho batez kendu dute, komuneko atearen kontra tiro egin zuenean ez ziola emazteari eman nahi iritzita. "Ezin da esan tiro egiten hasi zenean inor hilko zuela pentsatu zuenik", adierazi du epaileak ebazpena irakurri duenean.
Gainera, ate atzean zegoena emaztea zela jakin zuenean izandako jarrera –berehala laguntza eskatzea eta negarrez Poliziari deitzea- "kontraesanean dago" hilketa bat egin nahi duen pertsona baten jarrerarekin.
Epaileak irakurritako ebazpenean akusatuaren bertsioa onartzen da, hein batean. Izan ere, Pistoriusek esan zuen izututa egin zuela tiro, etxean lapur bat sartu zelakoan. Hala ere, Auzitegiak gaineratzen du akusatuak telefonoz edo kalera aterata eska zezakeela laguntza, baina arma hartu eta komuneko ateari tiro egitea erabaki zuela. Horregatik, arduragabekeriaz jokatu zuela ebatzi du, eta hori nahikoa da homizidio deliturako.
15 urte
Korrikalariak orain hamabost urte arteko kartzela-zigorra jaso dezake, baina aste batzuk barru jakingo da.
Era berean, epaileak armak arduragabekeriaz erabiltzeagatik ere zigortuko du Pistorius, 2013ko urtarrilean Johannesburgoko jatetxe batean lagun baten pistolarekin nahi gabe tiro egiteagatik.
Bestetik, ezin izan dute frogatu 2012ko irailean auto ireki batetik tiro egin zuenik.