Mundua -

Irailak 18

Salmond:'RBS eta Lloydsen tokialdaketak ez luke enpleguan eragingo'

Eskozian egoitza duten Royal Bank of Scotland (RBS) eta Lloyds Banking Group bankuek iragarri dute Londresera mugituko direla, Eskoziako erreferendumean baiezkoak irabazten badu.

Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Royal Bank of Scotland (RBS) eta Lloyds Banking Group bankuak Eskoziatik Londresera tokialdatzeak ez luke enpleguan eragingo, Alex Salmond Eskoziako lehen ministroaren arabera. Izan ere, Eskozian egoitza duten banku horiek iragarri dute Londresera mugituko direla, irailaren 18ko independentziari buruzko erreferendumean baiezkoa nagusitzen bada.

BBC Radio Scotland irrati kateari eskainitako elkarrizketan, aipaturiko bi bankuek Eskoziaren balizko independentziaren aurrean Ingalaterran ezartzeko agertu duten asmoa hizpide izan du Eskoziako lehen ministroak. RBS eta Lloyds bankuak Erresuma Batuko garrantzitsuenetakoak dira.

"RBS eta Lloyds Banking Group bankuek iragarritako asmoek ez dute eraginik izango eragiketetan eta enpleguan", baieztatu du Alex Salmondek.

Esandakoa berresteko, RBS bankuko Ross McEwan kontseilari delegatuak langileei bidalitako eskutitza irakurri du irratian: "Bankuaren egoitza tokialdatzeak ez luke inolako eraginik izango eguneroko zerbitzuetan". "Gure estrategiari eta negozio planari lotuta, egoitzaren kokapenarekin loturiko prozedura teknikoa da. Ez dugu eragiketak edota langileak mugitzeko asmorik", adierazi die McEwanek langileei gutun horretan.

Salmonden esanetan, eskutitzak argi uzten duenez, balizko tokialdaketak "eragiketetan eta enpleguan ez luke eraginik izango" eta "Gobernu britainiarraren kanpaina politikoaren parte da".

Ezezkoaren aldeko kanpaina "alarmista" izatea deitoratu du Alex Salmondek. "Herritarrak beldurra sartzeko saiakera hori gainditzeko eta Eskozia herrialde aberatsa eta arrakastatsua izan daitekeela pentsatzeko gai izango diren itxaropena daukat", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ezkozia albisteak Bigarrena Eskoziako erreferenduma