Mundua -

Erreferenduma

Cameron, Miliband eta Clegg Eskoziara joango dira ezezkoa bultzatzeko

Hiru buruzagiak ez dira asteazken honetako saio parlamentarioan izango. Eskoziarrekin hitz egiteko ezohiko neurria hartu dutela azaldu dute hirurek agiri bateratu batean.

David Cameron Erresuma Batuko gobernuburua. Artxiboko irudia: EiTB
David Cameron Erresuma Batuko gobernuburua. Artxiboko irudia: EiTB
Cameron, Miliband eta Clegg Eskoziara joango dira ezezkoa bultzatzeko

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Cameron Erresuma Batuko gobernuburua, Nick Clegg presidenteordea eta Ed Miliband buruzagi laborista ez dira asteazken honetako saio parlamentarioan izango eta Eskoziara joango dira independentziaren aurkako kanpainari babesa emateko.

Eskoziarrekin hitz egiteko ezohiko neurria hartu dutela azaldu dute hirurek agiri bateratu batean. Eskozia Erresuma Batuan mantentzeko azken saiakera da; izan ere, erreferendumerako egun gutxi falta dira.

"Banatzen gaituen asko dago, baina gauza batean ados gaude: Erresuma Batua baturik hobeto dago", azaldu dute hiru buruzagiek agirian.

Galdeketa egiteko bederatzi egun falta direnean, independentziaren aurkako kanpaina bultzatu nahi dute politikariek bidaiarekin. Azken inkesten arabera, independentziaren aldekoek abantaila txikia lortu dute.

"Gurekin geratzea nahi dugu"

Asteroko eztabaida parlamentarioa alde batera utzi eta Cameron, Miliband eta Clegg Eskoziara joango dira. William Hague Atzerri ministroak Cameron ordezkatuko du saioan, eta alderdikideek beste biak. "Gurekin geratzea nahi dugu", esango diete eskoziarrei, agirian azaldu dutenez.

"Boto-emaile eskoziarrei entzuteko eta haiekin hitz egiteko" borondatea azaldu dute hiru alderdi politiko nagusietako buruzagiek.

Irailaren 18ko erreferendumari begira ezezkoaren aldeko kanpaina bultzatzeko "ahal duen guztia" egingo duela adierazi du Cameronek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eskoziako independentzia erreferenduma