Mundua -
Erreferenduma Eskozian
Britainiarrek autonomia eskaini dute, baiezkoaren gorakada gelditzeko
Independentziari ezetz esanez gero, hurrengo egunean "Eskoziako legea" idazten hasiko lirateke, eskumen gehiago emateko, Gordon Brown lehen ministro ohiak jakinarazi duenez.
Erredakzioa
Britainia Handiko hiru alderdi nagusiek (kontserbadoreek, laboristek eta liberaldemokratek) autonomia gehiago eskaini diote Eskoziari irailaren 18ko erreferendumean ezezkoak irabazten badu.
Hiru alderdi horietako Eskoziako buruek fronte bateratua aurkeztu dute gaur Edinburgon, erreferendumerako kanpaina indartzen ari den eta baiezkoak gorakada nabarmena izan duen une batean.
Ruth Davidson Eskoziako kontserbadoreen burua, Johann Lamont laboristena eta Willie Rennie liberaldemokratena izan dira ekitaldian, eta kontsulta egin eta biharamunean Eskoziak eskumen gehiago izateko prozesua abiatuko dela hitzeman dute.
Ekimena Gordon Brown Britainia Handiko lehen ministro ohi eta buruzagi laboristak aurkeztu zuen atzo, unionistek gehien miresten duten politikarietako batek, Eskoziak Britainia Handian jarrai dezan kanpaina egiten ari denak.
Brownek atzo adierazi zuenez, irailaren 19an, eskoziarrek independentziari uko eginez gero, "Eskoziako legea" idazten hasiko dira, zerga eta zerbitzu publikoen alorreko eskumenak Eskoziaren esku uzteko.
Urria amaieran argitaratuko lukete lehenengo zirriborroa, eta azaroan beste testu bat idatziko lukete, kontsulta publiko baten ostean, 2015etik aurrerako legediaren oinarriak jartzeko.
Independentziaren kontrakoek bizkortu egin dute kanpaina; izan ere, azkenaldian argitaratu diren inkestetan baiezkoa nabarmen indartu da, eta ezezkoaren gainetik dagoela erakutsi dute.