Mundua -
Eskoziako Erreferenduma
'Westminsterretik aparte hazi da Eskoziako politika'
Londresko politika urrun sentitzen dute eskoziarrek, eta sentimendu horrek hauspoa eman dio independentziaren aldeko sentimenduari azken urteotan, John MacInnes irakasle eskoziarraren aburuz.
I. Herce | EITB.EUS
John MacInnes Edinburgoko Unibertsitateko Politika Zientzietako irakaslearen esanetan, Eskozian independentziaren aldeko sentimenduak goraka egin du azken urteotan Londresko politikariak geroz eta urrunago sentitu direlako.
"Westminsterreko Parlamentuan pentsamendu neoliberala nagusitu da, eta Eskoziako politika hortik kanpo hazi da azken urteotan. Bestalde, Eskoziako gizarteak demokrazia eskatzen du", gaineratu du. Horren ustez, independentziak "Erresuma Batuko politikaren balio nagusiei eusten" lagunduko du.
MacInnes irakasleak ez du uste erreferendumaren emaitzak gizartearen haustura ekarriko duenik, edozein dela ere. Horren ustez, bi aldeek emaitza onartuko dute, baita erabaki baten zein bestearen ondorioak ere. Baina autogobernu gehiago eskaintzeak "ez du itzaliko eskoziarrek duten independentzia grina", irakaslearen arabera.
"Independentziazalea, baina ez abertzalea" da bera, MacInnesen esanetan. Halaber, independentziaren aldeko emaitzak argia izan beharko luke, zalantzarik gabekoa, horren aburuz. Izan ere, hala ez balitz, eta independentziaren aldekoek ozta-ozta irabaziko balute, Eskoziak ez luke Erresuma Batutik irten beharko. "Zer nazio berri jaio liteke bere herritarren erdia aurka izanda?", galdetu du.
Eskozia independente bat ekonomikoki bideragarria izan litekeela ez du zalantzan jartzen MacInnesek, baina ez du uste baiezkoaren aldeko kanpainak dioen bezain samurra izango denik. "Zailtasun ekonomikoak izango dira", baina Erresuma Batuak bere mehatxua gauzatu eta Eskozia liberatik kanpo utziko balu, irakasle eskoziarrak ez du dudarik estatu berriak Erresuma Batuaren zorra ez lukeela bere gain hartu beharko.
MacInnesen esanetan, "nazioak irudimen politikoaren eta borroken emaitza dira, ez nortasunaren ondorio".