Mundua -
Erreferenduma
Eskoziako independentziaren aurkakoek garaile ikusten dute euren burua
Independentziaren aurkako kanpainako arduradunek diote espero zutela bi iritzien arteko aldea murriztu egingo zela amaieran, baina gehiengoak ezezkoaren alde egitea espero dute.
Erredakzioa
Alistair Darling Eskoziaren independentziaren kontrako kanpainaren arduraduna "ziur" dago eskoziar gehienek independentziaren aurkako botoa emango dutela irailaren 18ko erreferendumean, nahiz eta azken inkestek baiezkoari eman garaipena.
Politikari laboristak BBCn egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, bi iritzien arteko aldeak kanpainaren amaieran asko estutzea espero zuten, baina Eskoziak Britainia Handian jarraitzearen alde egingo duela uste du.
"Erreferenduma irabaziko dugula uste dut, Eskoziako herritarren gehiengoak etorkizun hobea nahi duelako beretzat eta datozen belaunaldientzat. Oso ziur nago garaipenarekin", adierazi du Gordon Brownen garaian Ekonomia ministro izan zenak.
Darlingen arabera, boto-emaileek badakite independentziak zein "arrisku" duen, liberarekiko kezka nagusiki.
Irailaren 18an Eskozian bizi diren 16 urtetik gorakoek honako galderari erantzun beharko diote "bai" ala "ez": "Eskoziak herrialde independente izan beharko luke?".
The Sunday Times egunkariak atzo argitaratu zuen azken inkestan, lehenengo aldiz baietzaren aldekoak gehiago dira.