Mundua -

Eskoziako erreferenduma

Independentziaren aldeko baiezkoa, lehen aldiz aurretik

'The Sunday Times' egunkariak kaleratu duen inkestaren arabera, herritarren % 51 dira independentziaren aldekoak.

Independentziaren aldekoak dira gehiengoa lehenbiziz, Eskozian

2:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskoziaren independentziaren aldekoek aurrea hartu diote lehen aldiz kontrakoei, The Sunday Times egunkariak kaleratu duen inkestaren arabera. Argitalpenak jaso duenez, herritarren % 51k baiezkoa emango diote independentziari buruzko galderari, eta % 49k, ezezkoa.

YouGov enpresak egindako ikerketan azaltzen denez, "bi puntuko aldea berdinketa teknikoa litzateke". Nolanahi ere, "baiezkoak aurrea hartu du lehen aldiz", onartu du.

Datu hori kontuan izanda, eta azken inkestaren datuekin alderatuz gero, baiezkoaren aldeko babesak lau puntu egin du gora. Abuztuaren 29an argitaratu zen inkestan, eskoziarren % 41,6 agertu ziren Eskozia Erresuma Batutik bereiztearen alde.

Ikerketak ez ditu aintzat izan botoa emango ez dutenak, ezta botoa emateko asmoa bai baina zer bozkatuko duten erabaki ez dutenak ere.

Alex Salmondek, Better Togetherrek eta Alistaris Darlingek debatea izan zuten telebistan abuztuaren 25ean. Eskoziako lehen ministroa atera zen eztabaida hartatik garaile, eta horrek independentziaren aldekoen kopuruak gora egitea ekarri du.

Kanpainaren azken txandan, independentziaren aldekoek indar handia hartu dute, baina lehen aldiz agertu dira ezezkoaren aldekoen aurretik.

Bien arteko alde txikiak argi adierazten du lehia estua izango dela. Gainera, 16 urtekoek botoa emateko aukera izango dute, lehenengoz; beraz, irailaren 18an, Eskozian bizi diren 16 urtetik gorakoek "bai" edo "ez" erantzun ahalko diote "Eskoziak herrialde independentea izan beharko luke?" galderari.

Nicola Sturgeon Eskoziako Alderdi Nazionalistako lider eta erreferendumaren bultzatzaile nagusiak adierazi du emaitza horiek "oso onak" direla, baina baiezkoaren aldeko "Eskozia Bai" kanpainak, irabazteko bidean, oraindik ere asko duela egiteko gaineratu du.

Horrez gain, Panelbase enpresak ere beste inkesta bat argitaratu du, indepentziaren aldeko "Eskozia Bai" kanpainarentzat egindakoa. Horren arabera, botoa zalantzan dutenak kontuan hartu gabe, ezezkoak botoen % 52 lortuko ditu eta baiezkoak, botoen % 48. Eta datu adierazgarri bat eman dute: emakumeen independentziaren aldeko babesa hazten joan da, eta % 47ra iritsi da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eskoziako erreferenduma