Mundua -
Egipto
Mursi epaituko dute Egipton, Qatarri sekretuak jakinaraztea egotzita
Egiptoko fiskal nagusiak Kairoko Zigor Auzitegiaren aurrean agertzera deitu ditu Egiptoko presidente ohia eta beste hamar lagun.
Erredakzioa
Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohia eta beste hamar pertsona epaituko dituzte Egipton, segurtasun nazionalari buruzko sekretuak Qatarri jakinaraztea egotzita. Hisham Barakat Egiptoko fiskal nagusiak Kairoko Zigor Auzitegiaren aurrean agertzera deitu ditu aipaturiko hamaika lagunak.
Halaber, segurtasun nazionalari buruzko sekretuak Qatarreko Al Jazeera telebista kateari jakinaraztea ere leporatzen diete aipaturiko hamaika lagunei. Egiptoko Fiskaltzak argitaratutako oharraren arabera, Mursi presidente ohiak onura atera zion bere karguari, eta Ahmed Abdelati bere bulegoko zuzendariaren eta zortzi espioien laguntzaz, isilpeko dokumentuak eman zizkien Qatarreko Gobernuari eta Al Jazeera hedabideari. Trukean, milioi bat dolar eskuratu ei zituen.
Presidente kargua baliatuta, Anaia Musulmanen hainbat kide Gobernuko postuetan ezartzea ere leporatzen dio Fiskaltzak Mursiri.
Mursiren kontrako kritikak eta Anaia Musulmanekiko atsekabea tarteko, Anaia Musulmanek isilpeko dokumentuak Qatarri eta Al Jazeera hedabideari emateko agindua eman ei zioten Mursiri, beti ere Fiskaltzaren arabera. Emandako dokumentu horien artean daude, besteak beste, Egiptoko Indar Armatuen txosten estrategikoak eta soldaduen hedapenari buruzko informazioa, armen nolakotasunari buruzko xehetasunak, barne eta atzerri politikako dokumentuak, edota zerbitzu sekretuen eta Egiptoko Segurtasun eta Defentsa departamentuetako testuak.
Hainbat epaiketa daude abian Mursiren kontra: manifestarien heriotzan zerikusia izateagatik, espioitza kasu batean nahastuta egoteagatik, eta 2011n Wadi Natrun kartzelatik ihes egiteagatik.