Mundua -

Irailak 18

Batasuna babestu du Cameronek enpresari eskoziarren aurrean

Britainia Handiko lehen ministroak ezezkoaren aldeko kanpaina egin du irailaren 18ko independentziari buruzko galdeketari begira.

David Cameron Britainia Handiko lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE
David Cameron Britainia Handiko lehen ministroa. Artxiboko irudia: EFE
Erresuma Batuaren 'batasuna' defendatu du Cameronek

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuan jarraitzeak Eskoziarentzat dituen "onurak" aldarrikatu ditu David Cameron Britania Handiko lehen ministroak Eskoziako enpresaburuen aurrean.

Udako oporren ondotik, Cameron gaur itzuli da lanera. Horren esanetan, Eskoziaren eta Erresuma Batua osatzen duten gainerako lurraldeen batura "historiako fusiorik onena da", eta irailaren 18ko independentziari buruzko galdeketari begira ezezkoaren aldeko kanpaina egiten jarraitu du. "Aukeraketak egin behar ditugu: Ikuspegi estuaren gainetik ikuspegi zabala hautatuko dugu, eta abantaila handiak zalantza handien gainetik. Elkarrekin jarraituko dugu", adierazi du Cameronek CBI patronalarekin urtero Eskoziako Glasgow hirian egin ohi duen bileran.

Galdeketarako hiru aste falta diren honetan baiezkoaren eta ezezkoaren aldeko kanpainak azken txanpan sartuta daude. Eskozian egoitza duten hainbat enpresak independentziaren aurrean duten jarrera azaldu dute. Eskoziako 200 enpresa inguruk independentziaren aldeko eskutitz ireki bat sinatu dute, tartean, Stagecoach garraio enpresak eta Clyde Blowers industria taldeak.

Bestalde, atzo Eskoziako 133 enpresaburu Eskoziaren independentziaren kontra agertu ziren, besteak beste, Baxters elikadura enpresako burua, HSBC bankukoa, eta Famous Grouse eta Macallan whisky marken jabe den enpresako burua.

Erresuma Batuan jarraitzeak Eskoziako ekonomiari "mesede" egiten dio David Cameronen iritziz, eta hala adierazi die bertako enpresaburuei. "Aukera ekonomikoak tarteko, gure nazioek bat egitea erabaki zuten 1707an", adierazi du. Halaber, bi herrialdeen "oparotasuna" oraindik ere estuki lotuta dagoela azpimarratu du.

Erresuma Batua munduko merkatu zaharrenetakoa izateaz gain, arrakastatsuenetakoa dela nabarmendu du David Cameronek. Horren esanetan, "Eskoziak negozio askoz gehiago egiten ditu Erresuma Batuarekin munduko gainerako herrialdeekin baino. Merkatu horrek Eskozian milioi bat lanpostu mantentzea ahalbidetzen du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ezkozia bideoak Eskoziako independentzia erreferenduma