Mundua -

Gatazka

Palestinak bake negoziazioei berehala berrekiteko eskatu du

Mahmud Abas, bart Kairora heldu ostean, Abdelfatah al-Sisi Egiptoko presidentearekin bildu da, eta Liga Arabiarraren idazkari nagusiarekin ere biltzeko asmoa du, bide orria egiteko.

Mahmud Abas eta Abdula II. Jordaniako erregea, aste honetan egindako bilera batean. EFE
Mahmud Abas eta Abdula II. Jordaniako erregea, aste honetan egindako bilera batean. EFE
Mahmud Abas eta Abdula II. Jordaniako erregea, aste honetan egindako bilera batean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mahmud Abas Palestinako presidenteak Israelekin berriz ere negoziatzen hasteko eskatu du, Gazako Zerrendan "biktima gehiago izatea ekiditeko ahalik eta lasterrenen" su-etena lortzeko helburuarekin.

"Egiptok deialdi bat luzatuko dio ordezkaritza (negoziatzaileak) palestinarrari, Azam al Ahmedek gidatutakoa, talde guztien parte hartzearekin -Hamas barne- su eten luze bat aztertzeko asmoz", esan du Abasek prentsaurreko batean.

Palestinako agintariak ez du negoziazio berrien data zehaztu, eta gatazka behingoz konpontzeko eta Palestinaren aferari erantzuna emateko  beharra azpimarratu du.

Abas bart heldu da Kairora, eta bertan Abdelfatah al Sisi Egiptoko presidentearekin izan du bilera.

Aste hasieran bertan behera geratu zen tregoa, baita Palestinako eta Israelgo ordezkariek -Egiptok gidatuta- zituzten negoziazioak ere.

Abasek iragarri duenez, Nabil al Arabi Liga Arabiarreko idazkari nagusiarekin bilduko da gaur, larunbata, Arabiako herrialdeekin gatazkari behin betiko konponbidea ekarriko dion bide orria egiteko.

"Orain odol isuria geldiarazi nahi dugu eta, gatazka bukatutakoan, laguntza humanitarioa heldu eta Gazako Zerrenda berreraikitzen hasi behar da, nazioartearen begiradapean", gaineratu du.

Su-etena egonkortuta dagoenean, Abasen arabera, "aldarrikapen guztiak" aztertu beharko dira, Hamasek esandakoaren kontra, lehenengo bere eskakizunak aztertzeko eskatu baitzuen.

Gazako herritarren % 25ek etxea utzi behar izan dute, NBEren arabera

460.000 pertsonek baino gehiagok, Gazako herritarren ia laurdenak, haien etxeak utzi behar izan dituzte, Israelgo bonbardaketen ondorioz, NBEren datuen arabera.

Estatistikek azaldu dutenez, 279.389 pertsona Nazio Batuen Agentziaren 83 eskoletan errefuxiatuta daude, NBEk Zerrendan babes moduan jarrita.

Israelek 12 palestinar hil ditu Gazan egindako hainbat erasotan

12 palestinar hil dira larunbat honetan Gazan egindako hainbat erasotan, Gazako Zerrendako Osasun Sailak zabaldutako datuen arabera.

Erasorik odoltsuenean familia bereko bost lagun hil eta hamar lagun zauritu dira Deir al Balah hiriko Al Zawayda auzoan.

Bestalde, Israelek 8 urteko palestinar bat hil eta beste hiru zibil zauritu ditu Gazan etxebizitzan baten kontra egindako eraso batean, osasun iturriek baieztatu dutenez.

Ashrafa al Qedra Gazako Zerrendako larrialdi zerbitzuetako bozeramaileak azaldu duenez, Deir al Balah hirian etxebizitza baten kontrako erasoa egin du Israelek eta bertan zegoen 8 urteko palestinarra hondakinen artean harrapatuta gelditu eta bertan hil da. Gaur gutxienez 9 lagun hil ditu Israelek, "gehienak haurrak" eta beste 20 lagun inguru zauritu dira Gazan.

Gauean izandako bonbardaketatan gutxienez 40 zibil zauritu dira Gaza hiriko Sabra auzoan, eta horietatik hiru egoera larrian daude.

Israelek Gazaren kontrako operazioa abiatu zuenetik 2.105 palestinar hil dira, horietatik 4tik 3 zibilak, iturri ofizialen arabera. Hildakoen % 25 haurrak dira eta guztira 10.550 lagun zauritu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gazako argazkiak