Mundua -
Erreferenduma Eskozian
Alderdi abertzaleek ordezkariak bidaliko dituzte Eskoziako galdeketara
Irailaren 18an egingo dute Eskozian independentziaren inguruko erreferenduma, eta EAJk eta EH Bilduk ordezkaritza bana bidaliko dute galdeketari babesa adierazteko eta prozesua jarraitzeko.
Erredakzioa
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak eta Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak adostuta, Eskoziako independentziari buruzko erreferenduma egingo dute irailaren 18an Eskozian.
Euskadiko alderdi abertzaleak galdeketaren alde agertu dira, eta prozesua bertatik bertara jarraitu nahi dute. Horretarako, EAJk eta EH Bilduk ordezkaritza bana bidaliko dute.
Andoni Ortuzar EBBko presidentea izango da jeltzaleen ordezkaritzaren burua. Horrekin batera, Joseba Aurrekoetxea eta Iñaki Goikotxeta burukideak joango dira.
EH Bilduk ere ordezkariak bidaliko dituela aurreratu du Oskar Matutek. Hala ere, ez du zehaztu nortzuek osatuko duten ordezkaritza.
Eskoziaren, Kataluniaren eta Euskadiren errealitateak ez datozela bat adierazi du EAJk. Jeltzaleen ustetan, horien erritmoak ezberdinak dira, eta gaur egun Eusko Jaurlaritzak autogobernu estatus berri baten alde egin beharko lukeela azaldu dute.
Cameronek eta Salmondek adostutakoaren arabera, baiezkoa gailenduz gero, Eskoziaren independentzia eztabaidatuko dute, eta aurrekari bihurtuko da Europan. Kontrakoa gertatzen bada, berriz, Erresuma Batuko Gobernuak eta Eskoziakoak Eskoziaren etorkizunaren inguruan eztabaidatzen jarraituko dute eta lurraldeari zergen alorrean autonomia gehiago eskainiko diote, hedabide batzuen arabera.
Baiezkoa zein ezezkoa gailendu, Erresuma Batuak eskoziarren autogobernuaren aldeko pausoak emango ditu.