Mundua -

Missourin

31 atxilotu eta bi zauritu Brownen heriotza salatzeko protestetan

Atzoko istiluetan, Poliziak 31 lagun atxilotu zituen eta bi pertsonak bala zauriak izan zituzten.

31 atxilotu Missourin, tartean bi kazetari

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Michael Brown 18 urteko gaztearen heriotzak (Poliziak tiroz hil zuen, abuztuaren 9an) protesta eta istilu ugari eragin ditu Estatu Batuetan azken egunotan.

Atzoko istiluetan, Poliziak 31 lagun atxilotu zituen eta bi pertsonak bala zauriak izan zituzten. Poliziak jakitera eman duenez, protestak lasaiak izan ziren arratsaldeko lehen orduetan, baina gauean istiluak izan ziren, nahiz eta Guardia Nazionala bertan izan. Abuztuaren 9an Poliziak Michael Brown gaztea tiroz hil zuenetik Ferguson herrian izan diren istilu larrienak izan dira atzokoak. Ehunka manifestarik hartu zuten parte Fergusoneko Florissant Etorbideko protestetan.  "Tiroketa handi baten" biktimak izan direla salatu dute bertako poliziek. Ron Johnson bozeramaileak agerraldia egin du, atzoko istiluen balantzea egiteko.

Igandean egindako autopsiak erakutsi duenez, Michael Brown afroamerikarra sei tiro jasota hil zen. Gertakariak protestak eragin ditu Missouri estatuko Ferguson herrian.

Brownen familiak New Yorkeko arduradun forentse ohiari eskatutako autopsiaren txostenak argitu duenez, buruan bi tiro eta eskuineko besoan lau jaso zituen.

Autopsia

Autopsiaren arabera, ez zuten distantzia motzean tirokatu, ez baitago bolbora arrastorik gorpuan, baina oraindik ez dute haren arropa aztertu, eta, beraz, ez dago hori erabat baztertzerik.

18 urteko gaztea Darren Wilson poliziak tirokatu zuen, armarik gabe zegoela, abuztuaren 9an, baina Poliziak eta lekukoek bertsio ezberdinak eman dituzte gertatutakoaren inguruan.

Kasu horrek protestak eta istiluak eragin ditu Fergusonen, eta, Jay Nixon gobernadoreak etxeratzeko agindua eman ostean, igande goizaldean, pertsona bat larri zauritu zen eta Poliziak zazpi atxilotu zituen. Dozenaka pertsonak hautsi zuten larunbat iluntzean agindu hori, astebetez protesta eta arpilatze ugari izan eta gero.

Eric Holder fiskal nagusiak gaztearen gorpuari bigarren autopsia bat egiteko agindu du, "kasua ezohikoa delako eta Brownen familiak eskatu duelako", Brian Fallon Justizia Departamentuko bozeramaileak adierazi duenez.

Horren esanetan, autopsia "ahalik eta lasterren" egingo da, eta kasua ikertzen ari direnek kontuan hartuko dituzte autopsiaren emaitzak.

Familiaren abokatuaren ustez, hori "seinale ona" da, ikerketa aurrera doala erakusten baitu, eta, hain zuzen, "hori da familiak nahi duena".

Missourik Guardia Nazionalari deitu dio

Jay Nixon Missouri estatuko gobernadoreak Guardia Nazionala mobilizatu du Fergusoneko istiluei aurre egiteko.

Gobernadoreak sinatutako aginduak jasotzen duenez, neurri horrekin bakea eta ordena berreskuratu eta gizartea babestu nahi dute. Aurrez, tokiko Polizia estatuko Errepideetako Patruilak ordezkatu zuen, helburu beraren bila.

Horren harira, Barack Obama presidenteak esan du Guardia Nazionala oso kasu zehatzetan erabili behar dela eta "harretaz" jarraituko duela esan du. Presidenteak ere Eric Holder fiskal nagusia bidaliko du Fergusonera, gaztearen heriotzaren inguruko ikerketa pertsonalki gainbegirazeko.

Nixon gobernadorearen esanetan, protesta baketsuen artean, indarkeria ekintzak ere izan dira, eta horiek egin dituzten asko Ferguson eta Missouri estatutik kanpoko pertsonak direla nabarmendu du.

"Ekintza kriminal horiek kondenatzen ditugu, segurtasun indarren eta zibilen aurkako tiroketak, molotov koktelen jaurtiketak, lapurretak, errepideak blokeatzeko saiakerak eta agintarien postuen aurkako erasoak barne", komunikatu ofizialaren arabera.

Nixonek berretsi du ekintza horiek ez diotela mesederik egiten ez Michael Browni ez haren familiari.

Ku Klux Klanek diru-bilketa egingo du

Ku Klux Klan (KKK) eskuin muturreko taldeak diru-bilketa bat jarriko du martxan, Brown hil zuen poliziari laguntzeko helburuarekin. “Beltz gaizkile horren aurka bere lana egin zuen Poliziari emango diogu diru guztia”, adierazi du erakundeak.

Diru-bilketa horretan AEBetako hiru Estatu ezberdinetako kideek parte hartuko dute. Horrez gain, diru-bilketa begi onez ikusten ez dutenei Ku Klux Klaneko kideek armak eramango dituztela ohartarazi dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea