Mundua -
Missouri
Gas negar-eragileak bota dituzte Fergusonen etxeratze-agindua eta gero
Gainera, Poliziaren arabera, zenbait agentek protestan parte hartzen ari zen gizon baten kontra tiro egin zuten, eta larri dago.
Erredakzioa
Poliziak gas negar-eragileak bota ditu Ferguson hirian, kalean zeuden manifestarien kontra, Missouriko gobernadoreak etxeratze-agindua ezarri eta gero.
Jay Nixon gobernadoreak atzo, larunbata, ezarri zuen etxeratze-agindua eta larrialdi egoera Fergusonen, Poliziak orain astebete gazte afroamerikar bat hil zuen hirian.
"Helburua ez da Fergusongo hiritarrak isilaraztea, baizik eta pertsonen ahotsa ekintzekin itotzen ari direnak geldiarazi", esan du Nixonek.
Bitartean, AEBeko Fiskal Nagusiak gaztearen gorpuari bigarren autopsia bat egin diezaiotela eskatu du, “kasua inguratzen duten ezohizko arrazoiengatik eta familiak hala eskatuta”, azaldu du Justizia Sailak.
Etxeratze-agindua, martxan
Agindua gauerdian hasi eta 5:00eta bukatu da, Gobernadoreak -hirira joan zen larunbatean- bertoko agintariekin egindako prentsaurrekok batean azaldu zutenez.
"Goizean hiri hau eguzkiarekin batera altxatuko da justiziaren bilaketari berriz ekiteko", esan zuen gobernadoreak Fergusongo eliza batean egindako agerraldia batean, zenbait hiritarren protesta artean, etxeratze-agindua dela eta.
Tentsioa areagotuz doa, Poliziak Michael Brown tirokatu zuen agentearen izena ezagutarazi eta gazte afroamerikarra agertzen zen bideo bat plazaratu ondoren. Irudietan, ustez gaztea denda batean lapurtzen ari dela ikus daiteke, hil aurretik.
Brownen heriotzak arrazakeriaren inguruko debatea piztu du berriro herrialdean, Trayvon Martin 2012an Floridan zaintzaile batek hil zuen nerabea beltzaranaren oroitzapena gogoan dutela.
Gizon bat larri
Gutxienez pertsona bat zauritu da eta beste zazpi atxilotu dituzte hiri estatubatuarrean bart izandako istiluetan, dozenaka pertsonak agintariek ezarritako etxeratze-aginduari jaramonik ez egin ostean, bertoko hedabideen arabera.
Poliziaren arabera, zenbait agentek protestan parte hartzen ari zen gizon baten kontra tiro egin zuten, eta larri dago.