Mundua -

Su-etena

Israelek eta Palestinak bost eguneko su-etenari eutsi egingo diote

Gauean zehar eraso "puntualak" izan diren arren, alde biek su-etenarekin jarraitzea erabaki dute, eta goizean zehar ez da erasorik izan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek eta Palestinak bart adostutako bost eguneko su-etenari eutsi egingo diote, gauean zehar euren arteko eraso puntualak izan diren arren. Su-etena atzo adostu zuten, Kairoko negoziazioetan akordio batera heltzeko denbora gehiago izateko.

Astelehenean adostutako 72 orduko su-etena bart amaitu zen, eta alde biek errespetatu egin dute. Israel eta Palestinaren arteko bilerei buruz ez da informaziorik eman, baina Azzam El Ahmad negoziazio-taldeko buruzagiak su-etena luzatu egingo dela iragarri zuen aurrekoa amaitu eta berehala. "Miliziek tregoa luzatzea adostu dute", adierazi zion Reuters albiste-agentziari.

Honenbestez, su-etena astelehenera arte luzatuko da, Egiptoko Gobernuak iragarri duenez. Ordura arte, "palestinarren kezka diren gaiak negoziatzen jarraituko dute, euren helburu legitimoak lor ditzaten", gaineratu du Exekutiboak.

Negoziazioetan dagoeneko zenbait puntu adostu dituztela azaldu du Palestinako taldearen iturri batek, baina beste gai askotan hurbiltzeko denbora beharko dutela onartu du.

Kohete jaurtiketa

Tregoa berria adostu aurretik, Gazako Zerrendatik gutxienez zortzi kohete jaurti dituztela salatu du Israelek. Erasoak ez du biktimarik utzi Israelgo hegoaldean.

Koheteak jaurtiz Palestinako miliziek su-eten berria hautsi dutela salatu du Israelgo Armadak. Bi kohete Eshkol hirian erori direla ziurtatu du Armadak agiri labur batean, eta beste bat Netivot hirian indargabetu dutela erantsi du. Laugarren kohete batek Sdot Negev hirian eztanda egin duela esan du Israelgo Armadak, eta lehentxeago Ashkelon hirian beste bat bota dutela gaineratu du. Hamasek, ostera, gezurtatu egin du Armadaren informazioa.

Horrez gain, Gazako Zerrendan sirena-hotsak entzun dira goizean, baina alarma faltsua izan da, israeldarren arabera.

Haaretz egunkariaren arabera, gaur arratsaldean Israelgo Gobernuak segurtasun alorreko gaiak aztertuko ditu bilera batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gazako albisteak