Mundua -

72 orduko su-etena Gazan

Israeldarrak eta palestinarrak berriz negoziatzen hasi dira Kairon

Gazako Zerrendan tregoa iraunkor bat lortzeko elkarrizketa berriak hasi dituzte Israelgo Gobernuaren eta Palestinako milizien ordezkariek, 72 orduko su-etena adostu eta egun bat geroago.

Hiru eguneko suetena, berriz, Hamas eta Isralen artean

1:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazako Zerrendan tregoa iraunkor bat lortzeko elkarrizketa berriak hasi dituzte astelehen honetan Israelgo Gobernuaren eta Palestinako milizien ordezkariek, Kairon (Egipto), 72 orduko su-etena adostu eta egun bat geroago.

MENA albiste-agentzia ofizialak baieztatu duenez, bi aldeek aldarrikapenak planteatuko dituzte Kairoko bileran. Gazako blokeoarekin bukatzea palestinarren eskakizun nagusia da. 2007an Hamas boterera heldu zenean, Israelek blokeoa inposatu zuen Zerrendan.

Bi aldeen arteko negoziazioak jarraitzeko eskatu dio Arabiar Ligak Egiptori. Zentzu horretan, su-eten berria errespetatzeko eskatu die Europako Batzordeak Israeli eta Hamasi. Era berean, tregoa iraunkor bat ezartzeko aukera aprobetxatzea eskatu du EBk.

Benjamin Netanyahuren Gobernuak erasoaldia agindu zuenetik, uztailaren 8tik, 1.939 palestinar hil dituzte, Palestina Askatzeko Erakundeak egindako balantzearen arabera. Gainera, 9.886 lagun zauritu dira eta 485.000 errefuxiatu utzi ditu erasoaldiak.

Lasaitasuna

Su-etena bart sartu zen indarrean, eta lehen orduetan ez da erasorik izan.

Goizean hasi dituzte berriro negoziazioak Israelek eta Palestinak Kairon, gaueko 23:00etan indarrean sartu den hiru eguneko su-etenari esker. Hala ere, eskakizunak ez dira aldatu bi aldeetatik. Ban Ki Moon Nazio Batuetako idazkari nagusiak eskatu du gaur hasiko den su-etena epe luzerako bakea ekarriko duen negoziaketa izan dadin. Atzo, erasoek jarraitu zuten eta beste bederatzi palestinar hil zituen Israelek, tartean haurrak. 1.910 palestinar hilak, uztailaren 8an Israelek operazioak hasi zituenetik. Gazatik Israelera, koheteak jaurtitzen segitu dute, gaueko hamaiketan su-etena indarrean sartu den azken ordura arte, kasu honetan biktimarik eragin gabe.

Ohar labur baten bitartez, Israelgo Gobernuak azaldu du Israelek baietza eman diola “72 orduko su eten bat onar dezan Egiptok eginiko eskaerari”. Beste aldetik, Hamas mugimenduak azaldu bat egin duela Egiptok proposatutako neurriarekin, nahiz eta egunean zehar erakunde horretako hainbat buruzagik ezeztatu duten zentzu horretan atera diren informazio ezberdinak.

Batzar ezberdinak egunean zehar

Palestinar ordezkaritzak batzar bat egin du Kairotik helarazitako proposamena aztertzeko. Zentzu horretan, Azam al Ahmedek, Al Fatahko buruzagiak, azaldu du Israel aldez aurretiko baldintzak jartzen saiatzen bada, berehala baztertuko dutela negoziatzen jarraitzeko aukera.

Azken su-etenak iraun zuen bitartean, palestinarrek dokumentu bat helarazi zioten Israeli. Bertan, presoen askapena, Gazaren blokeoarekin bukatzea, portu baten eraikuntza eta aireportu bat izateko aukera eskatzen zuten.

Gazte bat hil dute

Israeleko Armadak gazte palestinar bat hil du tiroz, bere etxean egindako sarekada batean, Nablus herrian, Zisjordanian, osasun zerbitzuek jakinarazi dutenez.

Indar Armatu juduen iturri batek adierazi du badakiela operazioak egiten ari direla zonalde horretan, baina ezin duela gertatukoa zehaztu. Zenbait lekukoren arabera, Israel Zakaira al Agra (23 urte) gaztearen bila ari zen, eta soldadu juduek botatako tiroengatik hil da. Gainera, sarekadan, beste sei pertsona zauritu dituzte. Lekukoek gaineratu dutenez, etxebizitza idus-makina batekin eraitsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea