Mundua -
Eztabaida telebistan
Salmond, eskoziarren 'bihotza eta burua' irabazteko prest
Irailaren 18ko independentzia erreferendumari begira, Eskoziako ministro nagusia ezbaian dauden boto-emaileak konbentzitzen saiatu da telebistako eztabaidan.
Erredakzioa
Alex Salmond Eskoziako ministro nagusi abertzalea baikor agertu da gaur, eta eskoziarren "bihotza eta burua" irabazteko prest dagoela adierazi du.
Irailaren 18ko independentzia erreferendumari begira, SNP alderdiko buruzagia ezbaian dauden boto-emaileak konbentzitzen saiatu da telebistako eztabaidan, Alistair Darling 'Better Together' (Hobe baturik) kanpainako buruzagiaren aurrean.
Erreferendumean baiezkoak irabaziko duela uste du SNPko agintariak eta "itxaropentsu" azaldu da, nahiz eta inkestek 14 puntuko desabantaila eman.
Kontrako inkestak
Ipso MORI enpresak argitaratutako inkesta baten arabera, eskoziarren % 54k ezezkoa emango diote independentziari. Duela hilabete bat beste inkesta batek emaitza berdina eman zuen.
Hala ere, independentziaren aldekoek gora egin dute ekainetik, lau puntu. Horrela, dagoeneko % 40 dira. Bien bitartean, ezbaian dauden boto-emaileak % 10 izatetik % 6 izatera pasa dira. Erreferendumerako geratzen diren 44 egunetan ezbaian diren boto-emaileak konbentzitzen saiatuko da Salmond.
"Ezer ez da aldatu"
Azken bi urteetan eskoziarren iritzia aldatu ez dela defendatu du Darling Ekonomia ministro ohiak; izan ere, inkestek horixe diote, bere hitzetan. "Nahiz eta kanpainan gauza asko gertatu, ezer ez da asko aldatu", ziurtatu du Darlingek.
Kontserbadoreen, laboristen eta liberaldemokraten kanpaina zuzentzen duen buruzagiak azaldu duenez, garaipenarekin "sinetsita" ez dago eta erreferendumean baiezkoak irabazi ezkero "atzera bueltarik" ez dagoela ohartarazi die eskoziarrei.
"Ekonomia oparoa"
Bestalde, Eskoziak Erresuma Batua utziko balu "ekonomia oparoa" eta "bidezko gizartea" izango lukeela defendatu du Salmondek.
"Eskoziarrek aukeratu ez dituzten alderdiek Eskozia gobernatu dute bizitzaren erdia baino gehiago. Nire proposamena sinplea da: Eskozian bizi eta lan egiten duen jendeak baino hobeto ez du inork egingo", esan du SNPko burzagiak.
Lehen eztabaida Glasgowko musika-eskolan egin dute 350 pertsonen aurrean eta STV telebistak zuzenean eman du Eskozian.