Mundua -

Gaza

Su-eten iraunkorra adostu izana ukatu dute Israelek eta Hamasek

BBC Erresuma Batuko irrati-telebista publikoak bi aldeek su-etena adostu zutela iragarri du, baina bi aldeek informazio hori gezurtatu dute.

Gaza. Argazkia: EFE
Gaza. Argazkia: EFE
Su-eten iraunkorra adostu izana ukatu dute Israelek eta Hamasek

1:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BBC Erresuma Batuko irrati-telebista publikoak iragarritako su-etena ukatu egin dute Israelek eta Hamasek. Izan ere, ostiraletik aurrera su-eten iraunkorra indarrean sartuko zela zabaldu du aipaturiko hedabide taldeak.

Avigdor Lieberman Israelgo Atzerri ministroaren hitzetan "balizko su-etenari buruz argitaratuko informazioa ez da zuzena. Lehen ministroarekin (Benjamin Netanyahu) hitz egin dut eta informazio hori ez dela zuzena adierazi dit", Yediot Aharonot Israelgo atariaren arabera.

Bestalde, Sami Abu Zuhri Hamasek Gazan duen bozeramaileak ere ukatu egin du su-eten iraunkorra adostu izana. "Ez da egia 06:00etatik aurrera su-etena indarrean sartuko denik", adierazi du ohar batean.

Israelek eta Hamasek su-eten iraunkorra adostu dute, BBCren arabera

Israelek eta Hamasek su-eten iraunkorra adostu dute Gazan, eta ostiral honetako 06:00etan (Euskal Herriko ordua) sartuko da indarrean, Tel Aviveko Gobernuko iturriak aipatuta BBC telebista kate britainiarrak aurreratu duenez. Oraingoz, baina, aldeek ez dute ezer baieztatu.

Hedabide britainiarrak zehaztu duenez, su-etena "orokorra" da, eta Israelek eta Hamasek Kairon (Egipto) egindako negoziazioen ondorio da.

7 palestinar hil dituzte bost orduko su-etena amaitu ondoren

Gutxienez 7 palestinar hil dituzte Gazan, tartean 5 haur, bost orduko su-etena amaitu ondoren, Maan Palestinako albiste agentziak berri eman duenez. Hildako haurretatik hiru anaiak ziren, eta horien beste hiru senide ere hil dira Sabra auzoko etxebizitza baten kontra egindako bonbardaketan.

Bost orduko su-etenaren amaieraren ondoren Israelgo Armadak Gazaren kontrako erasoak egin ditu. Israelgo Armadak baieztatu duenez, gutxienez 30 aire eraso egin dituzte arratsaldeko hirurak geroztik.

Israelek gutxienez 237 palestinar hil ditu Gazan, duela 10 egun erasoaldia hasi zuenetik. Gehienak zibilak dira, eta tartean gutxienez 51 ume daude.

.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea