Mundua -
Euskal Herrira bisita
Powell eta McGuinness alderdiekin batzartuko dira aste honetan
Datorren asteazkenean iritsiko dira, eta Euskal Herriko alderdi politikoekin eta erakundeekin hainbat bilera egingo dituzte bake prozesuaren jarraipena bertatik bertara egiteko.
Erredakzioa
Jonathan Powell Erresuma Batuko kabinete buru ohiak eta Martin McGuinness Ipar Irlandako lehen ministrordeak Euskal Herrira bisita egingo dute datorren astean. Euskal Herriko alderdi politikoekin eta erakundeekin bilerak egiteko baliatuko dute egonaldia.
Powell eta McGuinness asteazkenean iristekoak dira Euskal Herrira, eta beren egonaldian EAJrekin, PSE-EErekin eta ezker abertzalearekin bilerak egingo dituzte, bilerei buruzko informazioa duten iturrien arabera. Powellek eta McGuinnessek Iñigo Urkullu lehendakariarekin ere bilera egin nahi dute, baina Eusko Jaurlaritza ez da bilera egitearen aldekoa.
Ekainaren 30ean Madrilen egindako adierazpenetan, ETAk urtea amaitu aurretik keinuren bat egingo duenaren itxaropena agertu zuen Urkullu lehendakariak. Dena den, ez ditu pausoak espero "epe motzean". Hori dela eta, Powellen eta McGuinnessen bisita antolatzen ari direnei helarazi die ez duela datu berririk gehituko "aurrerapenik ez dagoela esatea ez bada".
Bestalde, Powellekin eta McGuinnessekin bilera egiteko eskatu dio Sortuk Urkulluri. Antza denez, Eusko Jaurlaritzak eta EAJk desengainua hartu zuten ETAren jarrerarekin, batez ere, aldeekin elkarrizketak egin eta ETAk arma batzuk "soilik" zigilatzeko erabakia hartu ostean. Andoni Ortuzarren esanetan, "iruzurra" eta "gustu txarreko broma" bat izan zen.
Euskal Herrira egindako azken bisitan, Powell Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta EAJ, PSE-EE eta Sortu alderdietako ordezkariekin elkartu zen.