Mundua -
Irailaren 18an, galdeketa
Salmond: 'Cameron Eskoziaren etorkizunarekin jolasten ari da'
Halaber, "erruleta europarrera" jolastea egotzi dio Cameroni, eta "porrot" egin zuela gaineratu du, ez baitzuen saihestu Junker Europako Batzordeko presidente izendatzea.
Erredakzioa
Alex Salmond Eskoziako ministro nagusiak Eskoziak Europan izango duen etorkizunarekin "jolastea" leporatu dio David Cameron lehen ministro britainiarrari, eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidente izendatzeko egindako negoziazioak kritikatu ditu.
The Independent egunkarian argitaratutako artikulu batean, Salmondek "erruleta europarrera" jolastea egotzi dio Cameroni, eta porrot" egin zuela gaineratu du, ez baitzuen saihestu Jean-Claude Junker Europako Batzordeko presidente izendatzea.
Cameron Junckerren izendatzearen aurka agertu zen, "antzinako guardiako" politikaritzat jo zuen, eta Europar Batasunean egin nahi dituen erreformetarako "oztopo" dela esan zuen.
Cameronek Erresuma Batuak EBren kide izaten jarraitzea nahi duten galdetuko die britainiarrei, erreferendumean, 2017. urtea amaitu baino lehen, betiere, bere alderdiak (Kontserbadoreak) 2015eko maiatzeko hauteskundeak irabaziz gero, baina aurretik EBn zenbait erreforma egiten saiatuko da.
Salmonden arabera, Eskoziak bere "etorkizuna" erabaki beharko du irailean egitekoa den independentziaren gaineko erreferendumean.