Mundua -
Mundial bezperan
Sao Pauloko metroko grebak kaosa eragiten jarraitzen du
Hiriko metroko 60 langile kaleratu dituzte goizean, grebaren bosgarren egunean. Grebalariak gas negar-eragileekin sakabanatu ditu Poliziak.
Erredakzioa
Brasilgo Sao Paulo hiriko metroko langileek bosgarren egunez jarraian greba egin dute astelehen honetan, zerbitzua berriro hasteko epaitegietako agindua desafiatuz eta hiri handienean kaosa eraginez, Mundialerako egun gutxi falta direnean.
Poliziak gas negar-eragileak erabili ditu, manifestazio bat dispertsatzeko, Sao Pauloko hego-ekialdeko metro geltokiaren aurrean. Grebalariek zakarrontziak erre dituzte, hainbat buru sindikalen atxiloketagatik protesta egiteko. Ez da zaurituen berri eman.
Metroko greba ostegunean hasiko den Mundialaren bezperan egiten ari diren protesta-olatu baten parte da. Brasilgo jende askok dirua xahutuko dela uste dute, besteak bestek, hezkuntza, osasuna eta garraioa bezalako zerbitzu publikoak hobetzeko behar dena.
60 langile kaleratu dituzte
Gutxienez 60 langile kaleratu dituzte Sao Pauloko metroan, astelehen goizean, grebaren bosgarren egunean, Geraldo Alckmin estatuko gobernatzaileak egindako ohartarazpenaren ostean.
Enpresak eta 'O Globo' egunkariak azaldu dutenez, egun honetan kaleratze gehiago izango direla aurreikusi dute.
Langileak Mundiala baino lehen itzuliko direla lanera uste du ministroak
Aldo Rebelo Brasilgo Kirol ministroaren ustez, ostegunetik greban dauden Sao Pauloko metroko langileak justiziaren erabakia onartuko dute, eta Mundiala hasi baino lehen lanpostuetara itzuliko dira.
Ministroak esan du ez duela ezagutu Brasilen langileek justiziaren erabaki bat desafiatzen "iraun" duen grebarik.